Katakraken 'Hau dena' diskoaren entzunaldia egingo dute Tabakaleran
Katakrak Iruñeko liburu denda eta argitaletxeak hamar urte bete zituen 2023an, eta Hau dena LP bikoitza argitaratu zuten urteurrena ospatzeko. Urteotan liburu dendatik igarotako eta proiektuaren kolaboratzaile izan diren musikariekin elkarlanean ondu dute diskoa, talde edo musikari bakoitzari Katakrakek argitaratutako liburu batean oinarritutako abesti bat egiteko eskatuta. Horrela, diskoaren entzunaldia antolatu dute Tabakaleran hilaren 25erako, 19:00etan.
87 musikarik hartu dute parte guztira, eta hamasei abestiko diskoa osatu dute, plataforma digitaletan entzungai dagoena. Formatu fisikoan ere eskuratu daiteke, eta soilik formatu horretan daude entzungai abestien arteko interludioak. Lanean parte hartu duten musikarien artean daude Joseba Tapia, Chill Mafia, Nakar donostiarrak, Broken Brothers Brass Band, J Martina eta Los Chikos del Maiz, besteak beste.