Martxan jarri dute Dbusen kotxetegietako elektrifikazioa
Etorkizun laburrean gehituko diren 29 ibilgailu elektrikoren karga bermatzeko, Egiako banaketako transformazio azpiestaziotik Kotxetegien inguruetarainoko linea elektriko baten trazadurari ekin diote.
Dbusek abian ditu zero emisioko flota bilakatzeko beharrezko lanak eta azpiegitura elektrikoaren zaharberritze prozesuan hasi berri dira. Egun, flotako lau autobus elektrikoek kotxetegietako azpiegitura elektrikoak duen ahalmen guzti-guztia erabiltzen dute. Hori horrela, etorkizun laburrean gainerako ibilgailuen trantsizioa ahalbidetuko duen 8,5MW-ko karga bermatzeko, Egiako banaketako transformazio azpiestaziotik Kotxetegien inguruetarainoko linea elektriko baten trazadurari ekingo diote. Lanen arduradunek azaldu dutenez, 1,5 kilometro inguruko distantzian, sekzionamendu zentro bat ezarriko dute zuzeneko hornidura elektrikoa banatu eta transformazio zentroetatik igarotzeko.
Kotxetegiak elektrifikatzeko prozesuaren lehen fase horretan, 119 plazetan beharrezko diren hornitzaile guztiak sortuko dira. Era berean, kargatzeko 32 puntu, 60 pantografo alderantzikatu eta horiei dagozkien euskarri egitura metalikoa gehituko zaizkie. Lanak amaituta, 29 autobus elektriko gehitzea aurreikusten dute Mugikortasun Sailetik. Berrikuntza horri esker, urtean 960.000 litro gasolio gutxiago kontsumitu eta 2.600 tona CO2 gutxiago igortzea aurreikusten da.
Obren eraginak
Lanek lau hilabeteko iraupena izango dute, eta azaldu dutenez, zatika egingo dira bizilagunei ahalik eta gutxien eragiteko. Hori horrela, zati bakoitzaren iraupena gehienez bost egunekoa izango da eta batik bat aparkaleku batzuetan eta albokoetako espaloietan nabarituko dela lanen eragina —galtzada eta etxebizitzetarako sarbidea, berriz, erabat libre geratuko dira—. Lanak gaur hasi da, Txurkoene kalean, hamaika eta hemeretzi zenbakien artean, baina inguruko kaleetara zabalduko dira eta besteak beste, Alkolea pasabidea, Egia kalea, Aldapa kalea, Tolaregoia kalea, Gabriel Aresti pasealekua, Ametzagaña kalea, Polloe plaza, Sibilia kalea, eta Fernando Sasiain hartuko ditu.