Artikutzako presa partzialki eraisteko proiektuan beste aurrerapauso bat eman dute
Artikutzako presaren eraisketa partziala aurrera doa bere tramitazioan, Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren ingurumen inpaktuaren inguruko aldeko txostena jaso baitu, Efe albiste agentziak argitaratutako informazioaren arabera. Horrela, Efek argitaratu duenez, ministerioak Artikutzari buruz emandako ebazpenaren arabera, ez da beharrezkoa proiektuaren inguruko ingurumen ebaluazio arrunta egitea, ez baita aurreikusten ingurumenean eragin kaltegarri esanguratsurik izango duenik, betiere aurkeztutako ingurumen agirian ezarritako neurriak eta ebazpenean aurreikusitakoak betetzen badira.
Udalak iazko maiatzaren bueltan helarazi zion proposamena Espainiako Gobernuari, eta aurrerapauso bat eman du orain proiektuak. Orain, proiekturako aurreikusitako lanak baimendu behar dira, eta, horretarako, presen segurtasunari buruzko txostena egin beharko du Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak.
Urtegia 2019tik hutsik
Artikutzako urtegia 2019tik dago hutsik, eta, ondorioz, Enobieta ibaiak jatorrizko bidea jarraitzen du orain, eta landaredia nabarmen hazi da lehen urez beteta zegoen eremu zabalean. Horrela, presa partzialki eraistea aurreikusten da orain, Europako funtsekin finantzatutako Life Kantauribai proiektuaren barruan; ibaiak berrezartzea du xede proiektu horrek, eta, besteak beste, 25 presa eta presa txiki kentzea aurreikusten du, eta beste zazpi iragazkortzea. Sei milioi euro inguru bideratuko dituzte lan horietara, eta aurrekontuaren zatirik handiena Artikutzako lanetarako izango da, Urumeako Kontserbazio Zona Berezian baitago, eta irtenbide jasangarri bat bilatu behar da horregatik.
Udalak hiru aukera aztertu ditu Artikutzako presaren harira: presa bere horretan uztea, osorik eraistea eta eraisketa partziala egitea, eta hirugarrenaren alde egin du, ingurumen ikuspegitik jasangarriena delakoan. Horrela, arrainek ibaiko kilometro gehiago zeharkatu ahalko dituzte, presan pilatzen diren sedimentuak ibaian behera joan ahalko dira eta arroetako jatorrizko morfologia berreskuratuko da eta inguruko faunaren zein landarediaren habitata egonkortu eta hobetuko da.
Eraisketa partzialarekin, 3.930 metro kubiko hormigoi eraitsiko lituzkete, presa osorik eraitsita aterako luketenaren baino hamar aldiz gutxiago (39.374 metro kubiko). Eraisketa partzialetik aterako duten hormigoi gehiena urtegi zaharrari buelta ematen dion pista hobetzeko erabiltzea aurreikusten du udalak. Eraisketa partzialarekin, presaren ezkerreko gainezkabidean zazpi metroko zabalerako eskotadura bat irekitzea aurreikusten da.
Presa osorik botako balute, pista hobetzeko erabiltzen ez duten hormigoia (3.600 metro kubiko inguru erabiliko lituzkete horretarako) kamioietan atera beharko lukete Artikutzatik; 2.800 bidaiatik gora izango lirateke, horrek sortuko lituzkeen karbono dioxido emisioekin. Gainera, Artikutzako errepidea sendotu beharko lukete.
1919tik, Donostiarena
Artikutzako lursaila 1919an erosi zuen udalak –Goizuetan (Nafarroa) kokatuta dago–, hango ura hirira eramateko. Egungo presa 1947tik 1953ra eraiki zuten, eta, geroztik, urtegi bat baino gehiago izan da, Euskal Herrian hobekien kontserbaturiko lekuetako bat baita. Hain zuzen ere, Europako naturagune babestuen Natura 2000 sarean dago.
1992an, urtegia erabiltzeari utzi zion Donostiak, 1976tik Añarbetik hartzen baitzuen ura. 2019an, urtegia hustu egin zuten, eta urte berean ehun urte bete ziren Donostiak eremua erosi zuenetik; horren harira, erreportaje zabala argitaratu zuen IRUTXULOKO HITZAk, Artikutzako bizilagunekin hitz eginda.