Balaidos berriz hartu nahi du Realak
Realak partida garrantzitsua dauka gaur iluntzean (21:30), Celtaren etxean jokatuko baitu kopako final-laurdenetako kanporaketa. Txuri-urdinek fresko daukate Balaidos estadioan irabaztearen sentsazioa, ligako azken neurketa bertan jokatu baitzuten larunbatean, baita irabazi ere. Beraz, larunbatekoa errepikatzea izango dute helburu donostiarrek.
Imanol Alguacilen taldea ez dago bere unerik onenean, baina horrek ez du esan nahi gaizki dagoenik, garaipenak duela hilabete batzuk baino larriago lortzen ari bada ere, hiru txapelketetan bizirik baitago. Kopan, gogor borrokatuta gainditu ditu kanporaketa guztiak, eta gaurkoa ere hala izatea aurreikusten da, baina ez da ahaztu behar Reala Celta baino talde hobea dela, paperaren gainean behintzat; ligako hamaseigarrenak dira galiziarrak eta seigarrenak donostiarrak.
Hainbat bajarekin eta egun gutxian partida asko jokatuta, zaila da aurreikustea zein izango den Alguacilek zelairatuko duen hamaikakoa. Larunbatean egin zuen planteamenduak funtzionatu zion, eta antzeko zerbait errepikatuko balu, horrelako zerbait izango litzateke talde titularra: Remiro; Aritz, Zubeldia, Le Normand, Pacheco eta Tierney (Aihenen lesioaren ostean, Tierney da orain ezker hegaleko atzelari bakarra); Turrientes, Merino eta Brais; Oiartzabal eta Sadiq. Hala ere, Zubimendi berreskuratu du Alguacilek, eta Zakharyan ere sartu daiteke hamaikakoan, jokalariren bati atsedena ematearren.
Celtari dagokionez, arreta berezia jarri beharko dute txuri-urdinek Miguelengan eta Douvikasengan, horiek baitira min gehien egin diezaioketen jokalariak. Gaurkoa irabaziz gero, gauzak are serioago jartzen hasiko lirateke Realarentzat, finalerdietarako txartela lortuko bailuke.