Bost danborradatan atera dira soilik gizonak danborra edo upela jotzen
San Sebastian egunaren aurretik, udalak azaldu zuen soilik gizonezkoenak ziren lau danborrada pasatu zirela aurten mistoak izatera, baina azkenean ez da hala izan, hiru izan baitira pauso hori eman dutenak.
Bost danborrada izan dira azkenean danbor edo upel jotzaile roletan soilik gizonak izan dituztenak, eta ez lau: Aizepe, Gizartea, Amigos del Europa, Amigos Antonio Bar eta Club Cantabrico. Nahastea izan da azken astean datuarekin, udalak helduen danborradaren aurkezpena egin zuenean azaldu baitzuen lau danborrada pasatu zirela mistoak izatera —Zubi Gain, Ondar Gain, Catedral Centenario eta Club Cantabrico—, eta, beraz, lau gelditzen zirela danbor edo upel jotzaile roletan soilik gizonak zituztenak. Aldiz, ez da hala izan, Club Cantabrico ez baita mistoa izatera pasatu, Donostiako Festak udal erakundeko zuzendari Maria Jesus Torresek baieztatu duenez.
Horrela, hedabide honek helduen danborradaren aurkezpenaren aurretik argitaratutako informazioa zuzena zen. Aurkezpen prentsaurrekoan udalak azaldu zuenez Club Cantabrico ere mistoa izatera pasatu zela, hedabide honek bere informazioaren zuzenketa argitaratu zuen. Ordea, Donostia Kulturak sansebastianen balantzea egin du, eta txostenean aipatu du Zubi Gain, Ondar Gain eta Catedral Centenario pasatu direla mistoak izatera, Club Cantabricori aipamenik egin gabe.
Hori dela eta, IRUTXULOKO HITZA Torresekin harremanetan jarri da, eta Festak-eko zuzendariak azaldu du gaizki-ulertu bat izan dela akatsaren iturria: “Club Cantabrikokoekin hitz egin nuen eta galdetu nien zergatik esaten duten mistoak direla. Beraien erantzuna zera izan zen: “Gure danborradan 30 emakumek hartzen dute parte kantineraz”. Ados, esan nien, baina badago emakumeren bat danborra edo upela jotzen duena? “Ez, ezin dute” izan zen beraien erantzuna. Orduan, esan nien, ez zarete danborrada mistoa, gizonezkoen danborrada baizik”. Hain zuzen ere, Aizepen izan ezik, beste danborrada ez mistoetan ere ateratzen dira emakume batzuk, baina banderadun edo kantinera roletan soilik.
Hala ere, ez da ahaztu behar, besteak beste, oraindik danborrada misto askotan danborra jotzen dutenen gehienak gizonak direla —desfilean aurrean doazenak, alegia—, emakumezko Danbor Nagusi gutxi ikusten direla, askotan emakumeak urketari gisa atera daitezkeela soilik eta ez soldadu gisa. Datu zehatz horiek, ordea, ez ditu publiko egin udalak. Alegia, erabat baztertzaileak diren bost danborrada horiez gain, gogoratu behar da badagoela San Sebastian egunaren parekidetasunaren inguruan zer aztertu.
Gaiaren inguruko erreportaje bat argitaratu zuen Eldiario.es hedabideak joan den ostiralean, besteak beste, Club Cantabricoko Eduardo Jose Pagola Danbor Nagusiarekin hitz eginda, eta Pagolak argi utzi zuen ez daukatela mistoa izatera pasatzeko inolako asmorik: “Guk ez dugu mistora aldatzeko asmorik. Emakumeak sar daitezke, baina kantinera gisa. Horrek diru laguntza ez ematea eragin du, gizonezkoen danborrada bat garela diotelako, baina ez gaude ados. Harrituko nintzateke geratzen garen bostetako bat mistoa izatera pasako balitz. Lagun talde bat da, eta egun batean afaltzera joaten garen moduan, danborrada jotzen dugu. Desberdina izango litzateke Donostian danborradan joko ez lukeen emakume bakarra balego. Hori izugarria litzateke, baina ez dago atera ezin denik”.