Uliako putzu sarea ezagutzeko irteera gidatua antolatu du Cristina Enea fundazioak
Ulia mendian putzuen eta hezegune txikien sare garrantzitsu bat sortzen ari da, eta otsailaren 3an ingurune horretara bisita antolatu du Cristina Enea fundazioak, hezegune horiek betetzen duten funtzioa eta garrantzia ezagutzeko. Irteera Donostiako Udalaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen lankidetzarekin egingo da, eta izen-emateak irekita daude.
Ulia Interpretazio Zentroko arduradun Oihana Orkolagak azaldu duenez, “Aranzadin adituak dira putzu eta hezeguneen ikerketan, eta esku artean dute Mikroklima izeneko proiektu parte hartzailea; aurten ere beraiekin parte hartzeko aukera paregabea izango dugu”.
Mikroklimak edozein kontserbazio proiektuk barne hartu behar dituen jarduerak biltzen ditu: ikerketa, kudeaketa eta dibulgazioa. Ulia Interpretazio Zentroan azalpen batzuk jaso ondoren, putzu sareko bi hezegunetan ikerketa eta kudeaketa jarduerak egingo dituzte. “Batetik, Uliako mikrohezeguneetako biztanle txikiak ezagutarazteko eta balioesteko, eta, bestetik, urmael horien erakargarritasun biologikoa areagotzeko kudeaketa jarduerak errazak egingo dira”, gaineratu du Orkolagak.
Irteera puntua Ulia Interpretazio Zentroan izango da, 10:00etan.