Berehala agortu dira Donostian Gorka Urbizuren kontzertua ikusteko sarrerak
Bigarren kontzertu bat eskainiko du Donostian otsailaren 24an, eta sarrerak ostiralean jarriko dituzte salgai.
Astelehenean iragarri zuen Gorka Urbizuk Hasiera bat diskoa aurkezteko Tour bat egingo zuela, eta Donostian emango ziola hasiera bira horri. Gaur, 12:00etan jarri dituzte sarrerak salgai, eta hamar minutu baino gutxiagoan agortu egin dira Intxaurrondo Kultur Etxean otsailaren 23an Lekunberriko musikaria ikusteko sarrerak.
Donostiaz gain, Bilboko Euskalduna Jauregian (02/28), Gasteizko Kubik aretoan (02/29), Iruñeako Zentral aretoan (04/12), Madrilgo Eslava antzokian (04/19) Bilboko Kafe Antzokian (04/27), Miarritzeko Atabalen (02/18), Bartzelonako Paral·lel 62 aretoan eta Azpeitiko San Agustin kultur gunean (06/07) eskainiko ditu kontzertuak Berri Txarrakeko abeslari ohiak.
Urtarrilaren 15ean ezustekoa eman zien Gorka Urbizuk bere zaleei, aurretik ezer iragarri gabe bat-batean Hasiera bat izeneko diskoa argitaratu zuela jakinarazi zuenean. “Osorik entzuteko aukera eman nahi nizuen, aurrerapenik gabe. Maitasun osoa jarri dut 10 doinuotan”, azaldu zien zaleei Urbizuk. Mezu horrek sekulako zeresana eman zuen sare sozialetan, eta zaleak desiratzen zeuden Urbizuren disko berria entzuteko. Baita zuzeneko kontzertuak ere, eta horren isla da gaur sarrerak berehala agortu izana. Donostiako kontzertura joan ezin dutenek beste nonbait saiatu beharko dute, eta bestela, diskoa plataforma guztietan dago entzungai.
Kontzertu berri bat
Sarrerek izandako arrakasta kontuan hartuta, kontzertu berriak iragarri ditu Gorka Urbizuk. Intxaurrondo Kultur Etxean otsailaren 24an ikusi ahal izango da berriz, eta sarrerak ostiral honetan jarriko dituzte salgai, 12:00etan. Kontzertu berri guztien zerrenda post honetan ikus dezakezue: