Erdialdeko Sustrai belar denda itxiko dute martxoan
Alfontso VIII.a kaleko Sustrai Natur Dendak ateak itxiko ditu martxoaren azken egunetan. Bertako jabea den Ainhoa Iñigok azaldu duenez, lokalaren jabeak bi urteko kontratua egin zion 2022an, berritzerik izango ez zuela esanez: “Ez dakit hala izango den, baina aditzera eman zidan taberna baterako izango zela”. Inguruan dituen taberna batzuentzako erabilgarri delakoan dago, edo aurretik inguruan egondako batek interesa izan dezakeela.
Hamasei urte igaro ditu belar dendak Erdialdean eta batik bat, bere kokapenari esker da ezaguna hirian. “Belar denda arloan ere, gertuko tratua lortzea ez da erraza izaten eta sekulako lana egin dugu”, azaldu du Iñigok. Orain, itxialdiaren data gerturatu ahala, erakusleihoan bertan iragarri eta ahoz aho ari da berria zabaltzen: “Jendeak pena handia du eta nora joango ote diren galdetzen didate”. Pena, baina, partekatua da erosle eta saltzailearen artean, berak ere ilusio guztiak jarri zituelako lokal horretan: “Nire ametsa izan zen belar denda hau irekitzea eta ikaragarrizko ilusioarekin ibili naiz, baina ordu asko pasa ditut hemen, ordutegi zabalarekin, eta lan eta estres handiarekin”. Azken urteetako neke horrek eta itxieraren berria jaso zuenetik “gaizki pasa” izanak, eragin du saltokia ez lekualdatu eta pertsiana betiko jaistea.
Martxoko azken astean produktu organikoak saltzeari utziko dion arren, Iñigok baieztatu du nutrizioaren arloan lanean jarraituko duela: “Asko gustatzen zait arlo hori eta beste denda bat izango ez dudan arren, zerbait aterako da”, adierazi du. Momentuz, data zehazteke duen arren, azken egunetarako agurra dabil prestatzen, bezeroei urte hauetako konfiantza eskertzeko: “Luntx bat egingo dugu martxoaren bukaeran, eta nahi duen oro bertaratu daiteke, dendari azken agurra emateko”. Edonola ere, tristurak hor jarraituko du, “Sustrai bezala, gero eta gehiago direlako gertuko zerbitzua eskaintzen duten saltokien itxiera hirian”.