Finalerdietan eta sentipen onak berreskuratzen
Denboraldia serio jartzen hasi da, eta Reala erantzuten ari da. Izan ere, azken asteotan txuri-urdinen jokoaren maila jaitsi eta zalantza batzuk sortu ostean —hainbat baja tarteko—, badirudi bere maila eta sentipen onak berreskuratzen ari dela Imanol Alguacilen taldea, eta, horren erakusgarri, atzo gauean Celtaren etxean jokatutako kopako final-laurdenetako neurketa.
Larunbatean Balaidos estadioan bertan egin zuen moduan, Aramburu harrobiko jokalari gaztea hasieratik zelairatu zuen Alguacilek, Aihenen lesio larriaren ondorioz Tierney atera zuen hamaikakoan —gero bera ere lesionatu zen, eskerrak Javi Galan iristekoa den—, Zubimendi berreskuratu zuen, Andre Silva zelairatu zuen hamaikakoan eta Becker ere hasieratik atera zuen, bere debutean. Eta, noski, ohiko atzelariek —Le Normand eta Zubeldia— eta erdilariek —Merino eta Brais— gidatu zuten taldea, Oiartzabal kapitainarekin batera. Larunbatean funtzionatu bazion ere, sistema aldatu zuen Alguacilek, eta oraingoan ere funtzionatu zion.
Izan ere, lehen minututik nagusi izan zen Reala, eta azkar jo zuen lehenengo kolpea mahai gainean, alboko sake baten osteko aldaratze bat Merinori iritsi eta honek baloia erdiratu ondoren, Oiartzabalek buruz sartu baitzuen lehenengo gola, bigarren minutuan. Hortik aurrera, galiziarrak ez ziren gai izan Remiroren arean arrisku handirik sortzeko, eta txuri-urdinak izan ziren partidaren erritmoa markatu zutenak. Joko bereziki ikusgarririk egin gabe, donostiarrak nagusi izan ziren une oro, eta geldikako jokaldietan sortu zuten arrisku gehien: Merinok eta Andre Silvak, esaterako, gol aukerak izan zituzten lehenengo zatian halako jokaldietan.
Bigarren zatia berdintsu hasi zen, Reala nagusi eta Celta saiatzen, baina txuri-urdinak lehenengo zatian baino apur bat gehiago estutzen. Celta, beharrak bultzatuta, gero eta gorago ari zen presioa egiten, eta horrek hutsune gehiago utzi zituen bere zelaian. Hain zuzen ere, hutsune horiek aprobetxatu zituen Beckerrek kontraeraso batean; bere zelaitik hasi zuen korrikaldia, eta Braisen pase bat aprobetxatu zuen atezainaren aurrean bakar-bakarrik gelditu eta baloia sarera bidaltzeko.
0-2koarekin, Reala lasaiago aritu zen, eta aldaketa defentsiboak egin zituen Alguacilek, Sadiq utziz aurreko erreferentzia bakar gisa. Remirok oinekin egindako akats pare batek urduritasun pixka bat sartu zieten realzaleei, baina txuri-urdinak nagusi ziren zelaian, berdin-berdin. Luzapenean (92. minutuan), De la Torrek distantziak murriztu zituen 1-2koa sartuz —Realari aurtengo kopan sartu dioten lehenengo gola da—, baina etxekoak ez ziren gai izan azken hiruzpalau minutuetan Reala gehiegi estutzeko, eta horrela amaitu zen neurketa.
Kopako finalerdietan dago Reala, eta, orain bai, realzaleak kopako beste final batekin amesten hasi dira. Aurretik, ordea, finalerdiak gainditu beharko dituzte donostiarrek, eta ostiralera arte ez du kanporaketa horretan izango duen aurkaria ezagutuko. Finalerdiak bi partidara jokatuko dira: otsailaren 7aren bueltan joanekoa eta 28aren bueltan itzulerakoa. Finala, aldiz, apirilaren 6rako dago aurreikusita, Sevillako La Cartuja estadioan.