Gabonetako kanpainak izan duen ekarpen ekonomikoa nabarmendu du udalak
Marisol Garmendiak Eguberrietako kanpainaren balorazio ezin hobea egin du, bisitarien kopuru handia nabarmenduta. Guztizko etorrerak, baina, %8 jaitsi dira aurten.
Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bitartez, antolatutako Gabonetako kanpainak 22,5 milioi euroko eragin ekonomiko zuzena izan du, eta horietatik 22,1 milioi herritarren gastuaren eta bisitariak erakartzearen ondorioz sortutako diru sarrerei dagozkie. Kontratazioari dagokionez, abenduan 1.933 kontratu egin ziren merkataritza eta ostalaritza sektoreetan; horien ondorioz, 1.395 enplegu sortu ziren, eta aldi horretan hirian egindako kontratazioaren % 28 dira.
Marisol Garmendia Ekonomia eta Enplegu zinegotziak nabarmendu duenez, Donostia Gabonetako erreferente bihurtu da estatuan:”Jaiak donostiarrentzat gozatzeko egunak izateaz gain, aberastasuna eta enplegua sortzeko faktore garrantzitsuak ere badira gure hirirako. Gabonetako kanpaina saltoki txikien urteko fakturazioaren % 20 baino gehiago da, eta ostalaritzari ere bultzada handia ematen dio —bi sektore horietan 16.000 donostiar ari dira lanean—. Igaro berri den kanpainan 1.400 pertsona kontratatu ziren, hau da, gure hirian sortutako lau enplegutik bat Gabonetako kanpainari zor zaio”.
Udaletik azaldu dutenez, puntu estrategikoetan instalatutako pasoko kontagailuek guztira 2.240.000 bisita zenbatu zituzten kanpainaren 38 egunetan, hots, bataz beste, 59.000 lagun egunero. Donostiako udalaren ikerketaren arabera, direnen %65 donostiarrenak dira, gainerako % 35, berriz, bisitariak. Era berean, udalaren arabera, izandako bisita guztietatik 250.000, Gabonetako kanpainagatik bakarrik egin ziren. Nolanahi ere, 2023ko datuak aurreko urteetakoak baino baxuagoak izan dira —%8 jaitsi dira, zehazki— eta udalean eguraldia dute horren erantzule:” 2023ko euri prezipitazioen erregistroak hirukoiztu egin baitziren”.
Azaldu dutenez, onarpen handieneko jardueren artean honako hauek nabarmendu behar dira: inaugurazio- ekitaldiaren errekorra, 18.500 pertsona bertaratu baitziren, euria egin arren; Gabonetako merkatua, 462.458 bisita izan zituena, eta Alderdi Ederreko Mapping-a, 144.000 bisita izan zituena.