Javi Galanek Realean jokatuko du
Javi Galan ezker hegaleko atzelariak (Montanchez, Extremadura, Espainia, 1994) Realean utzita jokatuko du denboraldiaren amaierara arte, klub txuri-urdinak baieztatu duenez. Atletico Madrilen zebilen Galan, eta Realak akordioa itxi du klub espainiarrarekin zein jokalariarekin.
Espainiako Ligan esperientzia duen jokalaria da, eta aurten Txapeldunen Ligan ere aritu da. Lehenengo egunetik Imanol Alguacilen aginduetara jartzeko prest dago, eta hori ondo etorriko zaio taldeari, berez ezker hegaleko atzelaria den jokalaririk gabe gelditu baita. Izan ere, Aihenek epe luzerako lesioa pairatu zuen joan den larunbatean Celtaren aurka jokatutako partidan, eta Tierney atzo kopan jokatutakoan lesionatu zen.