Kalean da Nosferatu bildumako azken liburua: 'Western garaikidea 1962-1992'
Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak Nosferatu bildumaren hogeigarren argitalpena aurkeztu dute: Western garaikidea 1962-1992 liburua, Carlos Aguilarrek eta Pablo Fernandezek koordinatutakoa. Amerikako Estatu Batuetan 1962tik 1992ra egindako western estiloko filmak ditu hizpide liburuak, western filmen fenomenoari zehatz-mehatz helduz, baita beharrezko testuinguru soziopolitikoari ere. “Izan ere, ibilbide historiko eta estetikoak, saiakera tematikoak, zinemagile kontrastatuen banakapenak, eta bai kalitateagatik bai esanahi historikoagatik oso adierazgarriak diren filmen antologia bat landu dira helburu horretarako”, azaldu du Euskadiko Filmategiak.
Honakoak dira liburuaren egileak: Carlos Aguilar, Ricardo Aldarondo, Juan G. Andres, Adrian Esbilla, Zigor Etxebeste Gomez, Pablo Fernandez, Jose Miguel Garcia de Formica, Angel Garcia Romero, Anita Haas, Pablo Herranz, Javier Mateo Hidalgo, Jose Francisco Montero, Antonio Jose Navarro, Jesus Palacios, Fernando Rodriguez Tapia, Rakel S. H. eta Jose Luis Salvador Estebenez.
Liburuaren nondik norakoak azaltzeko, honakoa da lanaren sarreran koordinatzaileek idatzi duten testuaren zati bat: “1962tik 1992ra bitarteko hiru hamarkadetan zehar Hollywooden ekoiztutako westernak atal zirraragarria eta oso berezia osatzen du Estatu Batuetako zinemaren historian. Bi film gailenek beren proemioa eta epilogoa dakarte: Ride the High Country (Sam Peckinpah, 1962) eta Unforgiven (Clint Eastwood, 1992). Lehenengoak zubi bat eraikitzen du hilzorian dagoen klasizismoaren eta bere berrinterpretazio krepuskularraren artean, modu inkontzientean; bigarrenak, berriz, kontzienteki, hamarkada haietako zinemagile enblematikoetako batek generoari egindako azken agurra jasotzen du (aktore, zuzendari eta ekoizle gisa bete duen zeregin hirukoitzean)”.
Liburua laster egongo da eskuragarri liburu dendetan (20 euro), eta 2024ko Tabakalerako zinema bonua erosi dutenek liburu honen edo Iñigo Marzabalek koordinatutako Polar frantziarra liburuaren ale bat jasoko dute. Bestalde, Nosferatu zikloaren barruan, USA Western Garaikidea 1962-2021 zinema zikloa antolatu dute Tabakaleran, urtarriletik abendura.