Añargik salatu du Iberdrola bere proiektu energetikoa oztopatzen dabilela
Añorgako komunitate energetikoak eguzki plakak jarri ditu Ikastolen Elkartearen teilatuan, baina proiektua geldirik dago, Iberdrola energia enpresak jarritako oztopoak direla eta.
Añorgan komunitate burujabetza energetikoa indartzen aldeko apustua egin zuten orain hiru urte, eta komunitate energetiko propioa hauspotzeko Añargi Kooperatiba sortu zuten iaz. Energia kontsumoa murriztu ostean, energia berriztagarriak sortzea eta kontsumitzea dute helburu, eta hori horrela, eguzki plakak jarri dituzte Errekalden kokatua dagoen Ikastolen Elkarteko egoitzaren teilatuan. “76 dira orotara, baina momentuz, ezin dugu aurrera jarraitu” azaldu du kooperatibako kidea den Mikel Alkortak.
Kooperatibako kideek salatu dutenez, Iberdrola da egun duten oztopo bakarra, inguruko hornitzaile bakarrak izanda, beraiek zehaztu behar baitute plakek behar duten kontadorea non eta nola jarri: “Beraien eskuetan ez dagoen hori ez zaie interesatzen, eta trabak baino ez dituzte jartzen. Txostena atzera bota digute eta guretzako premiazkoa da lehenbailehen proiektua martxan izatea”, azaldu du Juanmi Galatas kideak. Txostena erantzuteko bi hilabete ditu enpresa energetikoak baina “unean bertan konpondu daitekeen akats nimiño” batengatik ere atzera botatzen dute, eta berriz hasi behar dira.
Kooperatiba osatzen duten kideentzat premiazkoa da proiektua lehenbailehen abiatzea, plaketan jarri duten inbertsioa dela-eta. Gisat enpresak egindako instalazioak 50.000 euroko kostua izan du eta erdia baino gehiago foru aldundiaren diru laguntza baten bitartez ordaindu dute: “Goienerren laguntza ere jaso dugu baina, udalak, momentuz, ez du laguntzarik jarri”, zehaztu du Alkortak.
Jakin badakite, ordea, eurena ez dela Iberdrolak atzeratzen duen lehen kasua, “Euskal Herrian eta Espainiar estatuako herri askotan” ere hilabete luzez atzeratu baitira instalakuntza mordoa. “Kooperatiba energetiko batzuk bildu eta salaketa jarri dutela badakigu, baina gurea oso txikia da”. Gauzak horrela, udalera jo dute laguntza eske, “baina momentuz, badirudi ez dagoela ezer egiterik”.
Ikastolen elkartea añorgatarrekin
Ikastolen elkarteak Añorgako bizilagunen proiektu energetikoarekin bat egin du, eta energiaren kantitate handi bat eraikineko beharretara bideratuko da: “Oraindik zehazteke dagoen arren, astean zehar %70 ikastolen elkarterako izango litzateke, eta gainerako %30 bazkideentzako. Asteburuan, ordea, alderantziz”, azaldu du Oier Etxebarria Goiener kooperatibako kideak. Añargiko kooperatiban 61 bazkide dira, eta bakoitzak 100 euroko gutxieneko sarrera jarri du, bazkide izateko. Hori horrela, ondoren jarritako kantitatearen araberakoa jasoko dute; “baremazio baten bitartez”, azaldu du Galatasek. Nolanahi ere, zehaztu du, ez daudela bertan aberasteko.
Besteentzako eredu
Añargi eta Goiener kooperatibako kideez egoteaz gain, Igeldoko, Amara Berriko eta Pasaiako bizilagun elkarteetako kideak ere bertaratu dira proiektuaren aurkezpenera. Igeldon, esaterako, lau eraikinetan eguzki plakak ezartzeko asmoa dute, baina oraindik urrun ikusten dute halako proiektua, udalak jarri ditzakeen trabak dela eta: “Guk nahi ditugun eraikinak publikoak direnez, lehiaketara aterako lukete proiektua eta horrek ere atzeratuko luke dena”, azaldu dute.