Dabadaba eta Makoto Enooku gidari gastronomikoa saritu ditu Gross garagardoak
Urrezko Lata sariketa antolatu zuen joan den astean Gross garagardo marka donostiarrak, "beste Donostia bat badela aldarrikatzeko".
Dabadaba kontzertu aretoak eta Makoto Enooku gidari gastronomiko japoniarrak jaso dituzte Gross garagardotegiaren Urrezko Lata sariak; joan den ostegunean, hilaren 18an, egin zuten sari banaketa, Parte Zaharreko Euskal Gastronomia Kofradian. Sariketa lehenengo aldiz antolatu du Grossek.
Beste Donostia bat existitzen dela aldarrikatzeko banatu zituzten sariak, Andoni Galdos Grosseko kudeatzaileak azaldu zuenez: “Beti saldu digutenaz haratago, beste Donostia bat badago, bizirik dagoena, oso gauza interesgarriak egiten dituena, baina gure hiriaren agente aktibo gisa nabarmentzen ez dena. Beste Donostia bat ez da posible, jada existitzen da”. Horrela, ekitaldia antolatu zuten hirian “isilean” lan egiten duten pertsona guztiak “aldarrikatzeko, eskertzeko eta gogoratzeko”, eta ildo horretatik saritu zituzten aipatu bi eragileak.
Gross garagardogileek argi zuten saritua zeintzuk izango ziren, eta ekitaldian bertan hala adierazi zuten: “Dabadabak hamarkada bateko ibilbidean antolatutako 3.000 ekitaldi baino gehiago nahikoa dira saria jasotzeko, baita Donostiako zein kanpoko hiriko musikan eta kulturan izandako eraginagatik ere”. Gidari gastronomikoari dagokionez, honakoa azaldu zuten: “Makotok Japonia eta Donostiaren arteko zubi sendoa eraikitzeaz gain, turismoa eta ostalaritza bizitzeko beste modu bat badagoela erakutsi digu; herritarrekin hiriaren mesedetan lan egiten duena”. Izan ere, japoniarra hori egiten ari da 2011n lehen aldiz iritsi zenetik gidari gisa lan egiteko. “Ordutik, Makotok etengabe egin du lan hemen eta Penintsulako beste leku askotan ere aritu da, baina beti itzuli izan da Donostiara. Makotok hiria du etxe eta sustrai, Dabadabak bezalaxe”, nabarmendu zuten Grossekoek.
“Saridunak aspalditik ezagutzen ditugu eta izugarrizko lana egiten ari dira, bakoitza bere esparruan, Donostia lau haizeetara zabaltzeko. Hori guztia eskertu behar genien”, nabarmendu zuen Galdosek. Besteak beste, lagunak, garagardo munduko zaleak eta bezeroak bildu ziren ekitaldian, eta amaieran, pintxoak eta garagardoa banatu zituzten bertaratutakoen artean. Grossek azaldu duenez, irabazleek asko eskertu zituzten sariak, eta pozik jaso zituzten euren latak.