Elkarretaratzea egingo dute otsailaren 1ean, 17:00etan, Errondo pasalekuko Amara berri eskolaren aurrean, zuhaitzak lekualdatu ditzaten eskatzeko.
Metroaren lanek bide luzea izango dute oraindik eta datozen urteetan Amara Berri eta Morlans inguruan obrak izango dira nagusi. Amara Berriko Auzo Elkarteko Xabier Berridi kideak azaldu duenez, bi proiektu dituzte zonaldean. Batetik, auzo azpitik pasatzen den erreka desbideratu behar dute metroarekin bat egin ez dezan, eta hortaz, “lanak egingo dituzte Amara Berriko eskolako patioan eta baita polizia etxe inguruan ere bi urtez”. Bestetik, “Kontxarako noranzkoan doan tunel berria egingo dutenez,” egungo metroaren tunela libre utzi behar dute eta 60 metro beherago desbideratu, karga eta merkantzien garraiorako. Hiru urtez egingo diren lan horiek, baina, segituan hasi behar dira, proiektu horren baitan aurreikusten baita Errondo pasealekuko zuhaitzen mozketa.
Auzo elkartetik zehaztu dutenez, hogei metroko hamazazpi platano zuhaitz dira moztu nahi dituztenak, eta urteak daramatzate kale horretan. Hori horrela, kendu beharrean lekualdatzea proposatzen du Berridik: “Ikusi izan ditugu palmera handiak kamioetan, eta ez dakigu zergatik ezin diren hauek beste zonalde batean lekualdatu, plataneroak gure ekosisteman ondo moldatzeaz gain, edonon ditugu eta”.
Euren aldarria ozen entzun dadin, elkarretaratzea egingo dute otsailaren 1ean, 17:00etan, Errondo pasalekuko Amara berri eskolaren aurrean.