Joan Mari Irigoien omenduko du Euskaltzaindiak
Aurreko urtean hildako euskaltzainak omentzen ditu urtero Euskaltzaindiak, eta 2023an hildako bost euskaltzain omenduko ditu ostiralean, tartean Joan Mari Irigoien Altzako idazle ezaguna (1948-2023). Bestalde, bizitzaren parte handi bat Donostian egin zuten bi euskaltzain ere omenduko dituzte: Xabier Mendiguren Bereziartu idazle eta itzultzailea (1945-2023) eta Joseba Intxausti historialaria (1936-2023). 12:00etan izango da omenaldia, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan, Donostian.
Mendiguren Ezkion (Gipuzkoa) jaio zen, baina Donostian pasatu zuen bizitzaren parte handi bat, eta hirian hil zen. Intxausti, bestalde, Seguran (Gipuzkoa) jaio zen, eta Donostiako bere etxean hil zen iaz, 87 urte zituela. Mixel Oronoz (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1935-Baiona, Lapurdi, 2023) eta Jose Maria Rementeria (Etxebarria, Bizkaia, 1940-2023) izango dira beste bi omenduak.
10:00etan, Euskaltzaindiak urteko lehen osoko bilkura egingo du aldundian bertan, eta 12:00etan hasiko da omenaldi ekitaldia, Jargi aretoan. Joxan Goikoetxea eta Olatz Prat musikariek egingo dute sarrerakoa, Izarapean abestia interpretatuz; ondoren, banan-banan irakurriko dira iaz hildako bost euskaltzainen profilak: Joxe Mari Iturraldek irakurriko du Joan Mari Irigoieni dagokiona, Paulo Agirrebaltzategik Joseba Intxaustirena, Peio Jorajuriak Mixel Oronozena, Lontzo Zugazagak Jose Maria Rementeriarena eta Josu Zabaletak aletuko du Xabier Mendiguren Bereziarturen profila. Tarteka, musikariek beste bi pieza joko dituzte: Ez dolu egin eta Beltz, beltz, beltz.