Manteoko zuhaitzak bota dituzte, BCCren bigarren egoitza egiteko
Nafarroa hiribideko hemezortzi zuhaitz bota ostean, Manteoko Okendo Alde eremuko mendi magaletakoak ere bota dituzte, eta gunea erabat itxuraldatzen hasi da. Hain zuzen ere, Basque Culinary Centerren bigarren egoitza (Gastronomy Open Ecosystem, GOe) eraikuntza lanak hasi ahal izateko ari dira Groseko berdegune bakarreko zuhaitzak botatzen. Asteartean, hiribideko arbolak bota ostean, manifestazio jendetsua egin zuten Ulia auzo elkarteak deituta, eta gaur udalbatzarrera joatera deitu dute.
Eremu horretan zeuden zuhaitzak milazkak ziren, Alderdi Ederren dauden espezie berekoak, eta oso zaharrak ziren. Ulia auzo elkarteko Joxe Arcek hedabide honi 2022an azaldu zionez, hain zuzen ere, 1960ko hamarkadan landatutakoak ziren, udaleko lorezain baten eskutik: “Mateo zuen izena, eta uste dut Elizegi zela bere abizena. Lorezaina ez ezik, Koipe enpresan ere lan egiten zuen. Hark esan zidan Grosen milazka zuhaitzaren adarrak landatu zituela”.
Urteen poderioz, arbolak okertuta zeuden, eta forma bitxiak egiten zituzten; horregatik, eremu horretako pasealekua “misteriotsua” zela zioen Arcek: “Hemendik pasatzen naizen bakoitzean, zuhaitzak sorginduta daudela iruditzen zait. Asko hazi dira, eta adarrekin figura harrigarriak sortzen dituzte. Are gehiago, kimatzen dituztenean”. Misterioa galduta, laster eraikin handi bat egongo da Groseko berdegune bakarrean.