100. urtemugan berpiztutako hotsak
Ez harritu 12:00etan edo 19:00etan garai bateko Banco Guipuzconoren eraikinaren ingurutik pasatzen bazara eta 'Maritxu nora zoaz' edo 'Agur Jaunak' abestia entzuten baduzu kanpai hotsez osatuta. Garai batean bertan zegoen karilloia zaharberritzeari esker da posible hori.

Lehengo Banco Guipuzcoano eraikineko karilloiak 100 urte beteko ditu aurten, eta 1999tik soinurik egiten ez zuten kanpaiak biziberritu dituzte, egunean bi aldiz jotzeko: 12:00etan, Maritxu nora zoaz abestia jotzen dute kanpaiek, eta 19:00etan, Agur Jaunak. Zaharberritu dutenetik, San Sebastian egunean entzun ahal izan ziren lehen aldiz kanpai hauek, San Sebastian martxa jo zutenean.
Garai bateko Banco Guipuzcoano Sabadell bankuaren egoitza da gaur egun, eta eraikina Askatasunaren hiribidearen eta Hondarribia kalearen arteko izkinan dago 1900. urtetik. Hala ere, 1924ra arte bankuak ez zuen erosi belgikar jatorria duen karilloi hau, brontzezko hamahiru kanpaiez osatuta dagoena. Kanpai horien soinua 1924 eta 1957 bitartean entzun zen Donostian. Orduan, hondatu egin zen karilloia, eta erabili gabe egon zen 23 urtez. El Diario Vasco egunkariaren arabera, bankuko bezero batek galdetu zuen ea zergatik ez ziren karilloiaren doinuak entzuten, eta Banco Guipuzcoanok berriro aktibatu zituen kanpaiak 1980an.
Gaur egun entzun daitezkeen bi abestiak (Maritxu nora zoaz eta Agur Jaunak) 1998-1999 arte entzun ziren, banketxeak karilloia kendu eta bere azken solairua eraiki zuen arte. Kanpaiak ez zituzten berriro jarri estalki berrian.
Din-don hotsak bueltan
Sabadell bankuak kanpai horiek eraberritzea erabaki du, eta Joxan Goikoetxea Maritxalar musikari eta akordeoi jotzaileak parte hartu du proiektuan, musikaltasuna nahi bezalakoa izan dadin zainduz. Automatizazio prozesua Aitor Villak zuzendu du, Hernaniko Kanpandorre Erlojuak enpresako kideak. Osorik berritu dituzte egitura euslea, kanpaiak jotzen dituzten mailuak eta erloju ama edo patroia, bankuaren fatxadako erlojuak kontrolatzen dituen automatismoa.