Euskaraz ere umore ona egin daitekeelako
Bagera elkarteak eta Karkarkar-ek umorezko bakarrizketak idazteko eta antzezteko tailerra antolatu dute. Lau saio izango dira orotara, otsailaren bukaeran eta martxoan, eta euskarazko umoregintzan esperientziadun hainbat gidari izango dira bertan.
Karkarkar probalekuak arrakasta izan duela gauza jakina da, eta horren adierazle da bakarrizketa horiek ikusteko sarrerak hamar minututan agortu izan direla. Arrakasta hori ikusirik, Hiru Damatxo ekoiztetxekoek —Karkarkar-en sortzaileek— pentsatu zuten egon zitekeela bakarrizketa bat gustura egin nahiko lukeen jendea, eta, agian, tresnarik edo espaziorik ez duena bakarrizketa hori sortzeko. Hortik tiraka, bururatu zitzaien interesgarria zatekeela formakuntza saio batzuk antolatzea, eta ideia horrekin jo zuten Bagerara. Horrela ba, Hiru Damatxo ekoiztetxeko Asier Kortabarriak eta Bagera elkarteko Mikel Irazustak azaldu dute elkarlanaren emaitza nolakoa izan den.
“Ikastaroak stand up edo bakarrizketa formatuan jarri du fokua, baina egia da euskara modu originalago batean erabiltzeko edo aurkezpenak beste modu batera bideratzeko asmoa duen jendearentzat interesgarria izan daitekeela, nahiz eta gero agian agertoki batera ez igo”, adierazi du Kortabakarriak. “Euskarari beste bultzadatxo bat emateko eta jendea animatzeko aukera polita dela uste dut”, gehitu du Irazustak.
Ikastaroa lau saioz osatuta egongo da, eta otsailaren 27an eta martxoaren 5ean, 12an eta 19an izango dira saioak, Bageraren egoitzan (Hernani kalea, 15). Azken helburua ikasle bakoitzak bost minutuko bakarrizketa bat idaztea izango da, eta bakarrizketa horiek apirilaren 18an Tabakalerako Kutxa Kultur aretoan egingo duten probalekuan aurkeztu ahal izango dituzte. Ordea, horraino iristeko bidea ez dute bakarrik egingo ikastaroan parte hartzen dutenek. Saioetan, dagoeneko euskal umoregintzan ibilbide jorratua duen norbait izango baitute lagun: Beñat Iturbe, Mikel Irazusta bera, Maialen Sorzabalbere, Antton Telleria eta Mirari Martiarena.
Baina, zergatik aukeratu dituzte aipaturiko umoregileak? Irazustak azaldu duenez, denek hartu dute parte Karkarkar-en, eta esperientzia dute. “Bakarrizketak egiten agian gutxien aritu garenok Maialen eta biok gara, baina antzerki munduan ere aritu izan gara”, aitortu du. Kortabarriak, aldiz, esan du bi irizpide hartu dituztela kontuan: “Alde batetik, gertutasuna. Ikusten genuen beharrezkoa genuela, azkenean, pixka bat fabore eske ere joan garelako beraiengana. Eta bestetik, ez dagoela jende pila bat Euskal Herrian stand up-ean ibilbide bat daukana. Azken finean, beste bati erakutsi ahal izateko, zuk ere pixka bat hortik edan beharra duzu”.
Euskarazko umorearen olatua
Azaldu dutenez, euskarazko bakarrizketak egin izan dituen jende gehiegi ez badago ere, gero eta gehiago dira, “eta dezente onak”. “Munduan bakarrizketen boom bat izan da, oraindik mantentzen dena, eta Euskal Herrian ere bai”, baloratu du Kortabarriak. Irazustak eta Hiru Damatxoko kideak ere egin izan dituzte bakarrizketak, eta nola hasi ziren kontatu dute. Lehenengoak, unibertsitateko lehenengo urtean egin zuen lehen saiakera. “Erresidentzian izan zen. Esan nuen Gabonetan bakarrizketa bat egingo nuela, eta uste dut pixka bat izan zela El Club de la Comedia saiotik abiatuta. Baina gero, egia da etenaldi bat egon dela nire bakarrizketetan eta antzerkira eta Barrexerkara dedikatu naizela. Bakarrizketak sartzen genituen hor, eta orain, Karkarkar-en aitzakiarekin bueltan nator, material berria probatzen”, azaldu du Irazustak.
Kortabarriak aitortu duenez, berari ere beti gustatu izan zaizkio bakarrizketak, eta Hiru Damatxon ere denek konpartitzen dute, kontsumitzaile gisa, umorearekiko joera bat. “Karkarkar sortzea erabaki genuen nik kontsumitzaile gisa nahi nuelako hori ikusi. Behin ikusten hasten zarenean jendea animatzen, harra sartzen zaizu gorputzean eta esaten duzu: ‘Nik ere hamar minutu prestatu beharko nituzke’. Orduan, hamar minutu prestatu nituen, ondo atera zen, eta agertoki batera igotzea gustatzen zaidanez, gero eta gehiago nahi izan dugu. Beraz, beste lau bat saio egin ditut ordutik eta gustura nago, jarraitzeko gogoz”, aitortu du.
Erreferenteei buruz galdetzerakoan, biek ala biek izen bera izan dute gogoan. “Antton Telleria ez balitz atera kolpe bat emanez mahai gainean bere show propioarekin, ordubeteko showa, kalitatezkoa eta gainera euskara batuan —truko errazetara joan gabe—… Ni, behintzat, horrek motibatu ninduen gehien. Euskal Herritik kanpo mila izen aipatu nitzake, baina ez dakit. Benetan motibatu nauena Anttonen Nekatutak izan da”, aitortu du Kortabarriak. “Bai, Nekatutak sortu duenean, erreferente izan da”, gehitu du Irazustak.
Plaza berriak sortzeko beharra
Euskarazko bakarrizketen inguruko «aurreiritzi asko» daudela uste dute Kortabarriak eta Irazustak, eta bakarrizketa onak soilik euskaraz egitea ezinezkoa iruditzen zaion jende asko ere bai. “Uste dut pixkanaka ari garela uste horiek puskatzen, baina badaude aurreiritziak oraindik”, esan du Irazustak.
Aurreiritzi horiek apurtzeko euskarazko bakarrizketa asko egin behar dira ordea, eta horiek taularatzeko plazak behar dira. Une honetan, zaila dago Donostian hori. Karkarkar probalekuak egiten zituzten lekua, Doka, itxita dago gaur egun, baina beste hainbat oztopo ere badira hirian. “Altxerrin bakarrizketa ziklo bat programatuta zegoen, nahiz eta erabaki zuten euskarazko bakarrizketei tokirik ez egitea; baina Altxerri ere itxi dute. Uste dut badagoela joera bat Donostian formatu ertaineko espazioak ixtekoa. Eta horrez gain, badago joera bat espazio autogestionatuak egurtzekoa ere”, dio Kortabarriak.
Horri aurre egiteko, konponbide nahiko erraza dagoela uste dute: “Falta zaigu edo falta zaie umoregileei beraiei ere iniziatiba hartzea, taberna batekin hitz egitea eta esatea hilabetean behin hemen elkartuko gara. Uste dut hori ere gertatu behar den zerbait dela eszena osasuntsu bat egoteko. Showak badaude, baina espazio pixka bat informalagoak ere behar ditugu, ia bertso eskola funtzioa beteko dutenak, baina publiko batekin”.
Izen ematea zabalik
Momentuz, ikastaro hau antolatzeak lagundu dezake euskarazko umorea sustatzen, eta gogoa duenak izena emateko aukera du oraindik. Bagera.eus-en egin daiteke 50 euroren truke, nahiz eta ikasleentzat, langabetuentzat eta bazkideentzat merkeagoa izan.