Gordegia Egiako artxibategi grafikoak jaso du Interneteko Argia Saria
Argia hedabideak Argia Sariak banatu ditu arratsaldean, eta Internetekoa Egia auzoko Gordegia artxibategi grafikoari eman diote. Arrazoi honengatik eman dio Argia-k saria Gordegiari: “Memoria historikoa egitean ohikoa da gertakizunen eta jendartearen alde bakarra gailentzea. Horixe gertatzen da Donostian ere: belle époque, aristokratak hiriaz gozatzen… baina gaurko saridunek aberatsen historia kontatu ordez donostiar langileen historia bildu dute, eta herritarrak memoria historikoaren protagonista bihurtu”. Arkaitz Artola, Juanpe Urrosolo eta Fernando Olaldek jaso dute saria.
“Langile auzo bateko eragile aktibo dira proiektu honetako bultzatzaileak. Auzoko argazki zaharrak eta material grafikoa bildu, landu, antolatu eta denon eskura jarri behar zituztela erabaki zuten 2019an. Eta ordutik lan horretan ari dira eta ehunka eta ehunka argazki jaso dituzte sarean: auzoko paisaia, jaiak, mobilizazioak, gertaera nagusiak, istiluak, errepresioa, ikastolaren historia… sekula zaharkituko ez den lan ederra. Eta dena, lizentzia libreekin publikatzen dute gainera”, gaineratu du hedabideak.
Bost sari banatu dituzte guztira: Ikus-entzunezko Saria Bizkarsoro filmari eman diote, Prentsa Saria Sahara. Herri bat erresistentzian liburuari, Entzunezko Saria Ez gatoz Paristik podcastari, Interneteko Saria Gordegiari eta Komunikazio Kanpaina Onenaren Saria Guggenheim Urdaibai Stop plataformari. Ehundik gora lagun bildu dira Usurbilgo Atxega Jauregiko ekitaldian.