Immigrazioa Altzan 1950-1970 urteetan: hizkuntzak banatutako bi mundu
Ekialdeko auzoek izugarrizko immigrazioa izan zuten XX. mendeko bigarren erdialdean. Altza eta Bidebieta, baserri gutxi batzuk izatetik, milaka eta milaka langile hartuko zituzten auzo izatera pasatu ziren, urte gutxiren buruan. Euskararen ikuspegitik egoera horrek zer ondorio izan zituen ikertu du Soziolinguistika Klusterrak.
Ekialdeko Barrutiak hala eskatuta, Soziolinguistika Klusterrak ikerketa egin du Altzako XX. mendeko bilakaeraren inguruan. Jakina da, XX. mendean, frankismo bete-betean, garapen eredu kapitalista-industrialak migrazio masiboak eragin zituela Espainiako herrialdeen artean. Euskal Herriak Espainiatik etorritako langile mordoa jaso zuen, bertako fabriketan etorkizun hobe bat espero zutelakoan. «Goseak bota gintuen gure herritik», dio ikerketan parte hartutako etorkin ohi batek. Altza eta Bidebietan pilatu ziren 1950 eta 1970 urteen artean milaka eta milaka langile, etorkizun hobe baten bila. Horrek ekarri zituen arazo sozialen artean —esplotazioa, pilaketa, banaketa soziala…— bada bat, orain arte ganoraz aztertu ez dena: euskararena.
Soziolinguistika Klusterreko Belen Urangak, Asier Basurtok eta Paula Laitak egin dute ikerketa, «integrazio soziolinguistikoa» zer izan zen aztertzeko, eta aurrera begira zer urrats egin jakiteko.
Parekorik gabeko hazkundea
Altzak urte horietan izandako hazkunde demografikoak ez du parekorik izan inguruko herrietan. 1986 urtean, hiriko populazio osoaren %24,6 zen altzatarra. 1940. urtean, Donostiak Altza udalerria bere auzo moduan bereganatu zuenean, Altzako populazioak soilik %6,9ko pisua zuen hiriburuaren biztanlerian. Agerian geratzen da aldaketa horrek Altzaren ezaugarrietan aldaketa nabarmenak ekarri zituela.
Antonio Cañamero Redondo ikerlaria izan da Altzako demografia gehien aztertu duena. Santa Barbara, Roteta, Arrizar, Arriberri eta Los Boscos Altzako auzuneak ikertzen dituen lana jaso dugu.
Cañamerok argi dio auzune horiek inolako planik gabe eraiki zirela eta eraikitzeak ez zuela berekin ekarri herritarrentzako zerbitzurik. Argia da, bestetik, immigrazio olatuak baldintza kaskarrak izan zituela.
«Pilaketaz» hitz egiten du Cañamerok. Santa Barbaran, 1960an, 7,2 pertsona zeuden etxebizitza bakoitzeko; Errotetan, 1965ean, 5,5 pertsona etxebizitza bakoitzeko; 1970ean, Arrizarren, Arriberrin eta Los Boscosen 4,3 pertsona etxeko.
Auzune horien bilakaera demografikoak, oro har, etengabeko hazkundea izan zuen 1975era arte, eta data hori bat dator, gutxi gorabehera, azkeneko auzunea izan zen Arriberriren eraikuntzarekin.
Espainiatik etorritako immigrazioa
Immigrazio datuak harrigarriak dira oso: Santa Barbararen kasuan, biztanleriaren %90,1 Donostiatik kanpo jaiotakoa zen 1960an; zifra hori murriztu egin zen beste auzuneetan, baina bere garrantzi nagusiari eutsi zion: Erroteta %78, 1965ean, Arrizar-Arriberri-Los Boscos, %68,5, 1970ean.
Altzako kaskoa baserritar herri txiki eta ia erabat euskaldun izatetik,
auzo periferiko masifikatua izatera igaro zen 30 urtetan,
euskaldunak gutxiengo kultural bihurtzeraino.
Bost auzuneotako jatorria kontuan hartuta, etorkinak Caceres, Salamanca, Badajoz, Valladolid, Coruña eta Pontevedratik datoz. Honela dago jasota ikerketan: «Alde batetik, eremu zabal bat dago, Portugalgo mugatik Burgosko probintziaraino hedatzen dena, eta, gutxi gorabehera, trenbidearen trazadurari jarraitzen diona. Emigrazio eremuaren bigarren mota eskualde edo eremu isolatuek osatzen dute».
Altzako kaskoa baserritar herri txiki eta ia erabat euskaldun izatetik, auzo periferiko masifikatua izatera igaro zen 30 urtetan, euskaldunak gutxiengo kultural bihurtzeraino.
Bigarren hau bereziki garrantzitsua izan zela azaldu dute Klusterreko kideek. «Jendea lanera zetorren senide batek hala aholkatuta, normalean bere etxera», azaldu du Basurtok. Adibide argigarri bat aipatzen du Cañamerok: Santa Barbarako etorkinen %10 baino zertxobait gehiago udalerri bakar batekoak ziren, Miajadasekoak (Caceres).
Lau integrazio fase
Panorama latza erakusten du Donostiako ekialdeak XX. mendeko bigarren erdialdean. Hizkuntzaren ikuspegitik Altzako eboluzioa ikertzeko, Soziolinguistika Klusterrak ikertu du migrazio prozesuetan «lau integrazio fase» daudela, eta bata bestearen atzetik ematen dela. 0. mailan biziraupenerako integrazioa, 1. mailan integrazio laborala/eskolakoa, 2. mailan integrazio soziala eta azkeneko mailan, integrazio identitarioa eta kulturala.
«Etorkinen integrazio sozialaren lehen urratsa harrera gizartean oinarrizko bizi baldintzak asetzea da. Altzara etorritako migratzaileek aurretik heldutako familiako edo lagun edo herritarrek sortutako sareen babesa izan zuten, gutxieneko bizi baldintzak asetzeko moduan», azaldu du Basurtok.
Euskarak zer paper izan zuen, beraz, integrazio prozesuan? Prozesua erraztu zuen? Edo zaildu?
Euskara «ez zuten behar»
Hizkuntzaren ikuspegitik, 1950-1970 hamarkadan etorritako herritarrek, «ez zuten inolako oztoporik izan». Urangak honela azaldu du: «Hizkuntza nagusia ezagutzen zuten guztiek. Beraz ez zuten inolako beharrik izan euskara ikasteko». Egoera politikoak izan zuen eragina horretan, noski: «Gaztelera erabat hegemonikoa zen eta ospea zuen hizkuntza bakarra zen. Euskara erabat baztertuta zegoen».
Migrazio fenomeno berezia eman zela eta, bertakoak «erabat» gainditu zituen. Altzako kaskoa baserritar herri txiki eta ia erabat euskaldun izatetik, auzo periferiko masifikatua izatera igaro zen 30 urtetan, euskaldunak gutxiengo kultural bihurtzeraino.
«Egoera ohiz kanpokoa izan zen: Altza burbuila elebakar bihurtu zen eta komunitate bat euskaratik oso isolatuta geratu zen hamarkadatan zehar»
Asier Basurto, Soziolinguistika Klusterra
Honela jaso dute elkarrizketatu baten testigantza, eskola garaian euskaldun: «Nire klasean 44 ginen, eta euskaraz zekiten bi bakarrik zeuden. […] Baina garai hartan ez zuten praktikatzen. Etxean ikasia zuten, eta […] euskaldunak ziren, zeuden baserrietakoak».
Klusterrak egindako elkarrizketetan, etorkin izandakoek adierazten dute Altzara heldu zirenean «euskararen presentzia edo ikusgarritasuna oso txikia zela». Gainera, hizkuntzaren debekuaren kontzientzia eta inpresioa ere gogoan dute: «Euskara erabat debekatuta zegoen. Eta inguru horretan nik ez nuen euskararekin harremanik zuen inor ezagutu».
Egoera ohiz kanpokoa da, nabarmen. «Altza burbuila elebakar» gisa definitu du Basurtok: «Euskaratik oso isolatuta geratu dira hamarkadatan zehar».
Gatazkak
Ikusi dugun moduan, bertan jaiotakoen eta kanpotik etorritakoen aldea izugarria izan zen. Ez ziren, beraz, ghetto txikiak sortu, beste herri edo garaietan gertatu moduan. Gatazkak, beraz, ez ziren batere nabarmendu. Izatekotan, «hitz itsusiak» eta «irainak» nabarmendu dituzte ikerketan; «baina bi aldeetatik», Basurtok argitu duenez.
Baserritarrek vasquitoak adierarekin mespretxatuak izatearen kontzientzia bazuten. Honela jasotzen du elkarrizketatuetako batek: «Amonak esaten zuenez, Donostiara jaisten ziren zaldi karroan esnea-eta saltzera, eta insultoak Donostiako bide osoan. […] Lehenengotan hemengo immigranteek eta gero Donostiko aberatsek».
Kontrara, mantxurriano eta koreano gisako irainak entzuten ziren espainiar jatorriko migratzaileentzat. Edonola, ikerketan jasotzen denez, fenomeno hori «murritza» izan zen altzatarren artean.
«Bi mundu»
«Bi munduen» adiera ekartzen du ikerketak behin eta berriro. Hasieran, batez ere euskaldunek zuten sentipena da: «Gu eta haiek, haiek eta gu, etengabekoa da euskaldunentzat». Erdaldunentzat, ez zen horrenbesterako, aipaturiko komunitate trinkoa osatu zutelako.
Gaur egun, ordea, «bi munduen adiera sentitzen dute moduren batean edo bestean euskaraz ez dakitenek», azaldu du Basurtok. Ikerketak jasotzen duenez, euskara entzutean, «elkarrizketatik kanpo sentitzen dira, baztertuak, deseroso eta errespetu falta gisa definitzen dute egoera».
Argitu dutenez, «eraso edo errespetu falta gisa ulertzea», ez da etorkinen bizipena soilik: «Erdaldunen euskararekiko bizipenen gainean egindako hainbat lanetan agertu den errealitatea da, etorkinak izan ala ez».
Euskaldunak baztertuak
«Baztertuak sentitzen ginen», azaldu du Altzan jaiotako euskaldun batek. «Uholde moduan bizi izan zuten» garaiko immigrazioa, azaldu du Urangak.
Edonola ere, bai Klusterrak jasotako elkarrizketetan, eta baita bestelako ikerketetan ere, ez da inolako etsaitasun edo gorrotorik jaso migratzaileen kontra. Kontrara, «elkartasunezko» egoerak suertatu zirela jasotzen da.
«Batetik, elkartasunezko sentimenduak garatu zituzten», azaldu du Urangak. «Altzara heldutakoekiko enpatia sentitzen zutela aipatu dute, euren antzekoak bezala ikusi arren, bizi baldintza gogorragoak zituztela eta ekonomikoki pobreagoak zirela ere nabaritzen zutelako.
Euskararen egoeraren erantzule, beraz, ez zen migrazioa kokatu, baizik eta frankismoak ezarritako debeku eta lehendik zetorren prestigio faltak. Honela jasotzen du elkarrizketatu batek: «Baserritarrak akonplejatuta zeuden erdaraz ez jakiteagatik. Eta orduan, hori hemen ere gertatu izan da, baserritarrak-eta saiatzen ziren azkenean erdaraz erakusten umeari». Honela gehitu du Urangak: «Baina argi dute ez zela etorkinen errua, sistema osoarena baizik».
Euskararen aldeko mugimendua
Elkarrizketatuek argi dute egoera frankismoaren amaierarekin batera aldatu zela: ikastolaren sorrera, euskaltegiak, dantza taldeak eta oro har, borroka politikoa bizi-bizi zeuden Altzan, eta horrek «euskarari prestigioa eman zion».
«Altzan ikastola bat sortu zen eta etxez etxe ibili ginen galdetzen ea interesatzen zitzaien ikastola bat sortzea. Horretarako, parrokietara jo genuen zein ume euskaldun zeuden jakiteko eta pixka bat zundatu genuen, eta horrela ireki zen Los Boscosen lehenengo ikastola», gogoratzen du elkarrizketatuetako batek.
Etorkinen seme-alabak euskalduntzen hasi ziren orduan, eta nabarmentzen dutenez, diglosi egoera batean egin zitekeen modurik naturalenean egin zen hau. Hau da, etorkinek begi onez ikusten zuten euskara ikastea.
Euskara «balio integratzaile» moduan ikusten hasi zen 1980ko hamarkadatik aurrera. Ordura arte, migratzaileek «ez zuten izan euskarara sarbiderik, ez eta bitartekorik», eta orain badagoenez, «begi onez ikusten dute».
Aldarrikapen «argi bat» egiten dutela azaldu du Basurtok: «Doakoa izan behar da euskara ikastea».
Klaseak elkartuta
Ikerketaren arabera, «bi mundu» izanaren sentsazioak ez zuen etsaitasun berezirik sortu. Eta klase kondizioari lotuta, elkartasuna nagusitu zela dirudi. Herri nortasunak batu zuen auzoa. «Euskaldunek, bereziki, oso gogoan dute 1940. urtean gobernu frankistak Altza Donostiara anexionatu izana», azaldu du Urangak.
Bestetik, «Donostiak baztertzen duen auzoa» izatearen kontzientziak –«auzo pobre baztertu eta utzia»– batu egiten ditu belaunaldi ezberdinak: «Urte askoan bazterreko mugimenduak, marjinalak, indartu dira auzoan. Auzo marjinala izatearen kontzientziak batu ditu batak eta besteak».
«Donostiari aurre egiteko eta bazterretik irteteko» mugimenduak garrantzitsuak izan ziren 1980ko hamarkadatik aurrera: «Pobreziaren eta drogaren inguruko borrokan batu ziren belaunaldi ezberdinak».
Gaur egungo migrazio fenomenoak
Gaur egunerako irakaspeak ateratzea izan da ikerketaren helburuetako bat. Ordea, egoera erabat desberdina demografikoki: «Kopuru garrantzitsuak izan diren arren, gehienez %10-12ra iritsi da, 20 urtetan».
Frankismoaren ondorioz, «ezin izan zen harrera linguistikorik egin, eta hori ezinbestekoa da», azaldu du Basurtok. «Integrazio soziolinguistikotik begiratuta, bi norabideko politika eskatzen du: xede lurraldera datoz, eta xede lurraldeak antolatzen du», gehitu du Urangak.
Aipaturiko eskeman, integraziorako lau eskailera daudela ontzat emanez gero, biziraupena da onartu beharreko lehena, eta ondoren datoz besteak: «Gaur egun ez dago ziurtatuta; eta hori baino lehenago, inor ez da hasiko euskaraz ikasten», azaldu du Basurtok.
«Bi norabidekoak izan behar dira zubiak», Urangaren ustez. Konplexuagoa egiten du egoera, baina hori da bidea. Izan ere, «hizkuntzak integrazio sozialerako zubi izan behar du, eta ez oztopo».