Udal gobernua Egiako bizilagunekin bilduko da, Dbusen aldaketei buruz hitz egiteko
Egiakoekin ez ezik, Martutenekoekin kontsulta testuinguruak sortzea ere onartu du udalbatzak, auzoko biribilguneari buruz hitz egiteko.
Donostiako Udaleko Mugikortasun Saila Egiako bizilagunekin bildu beharko da, Dbusen 9 eta 42 autobus lineen ibilbideen aldaketen inguruan hitz egiteko. Hala onartu zuen atzo udalbatzak, EH Bilduk aurkeztutako mozioaren eskarietako bat aho batez onartuta. Mozioko beste eskaria zen Egiako autobusen geltokia Bulebarrera itzultzea, baina hori ez zen onartu, EAJren eta PSE-EEren aurkako botoekin.
Gogoratu behar da iaz hainbat autobus linearen ibilbideak eta ordutegiak aldatu zituela Mugikortasun Sailak, tartean Egiako bi linea horienak; hain zuzen ere, dagoeneko ez daukate geltokirik Bulebarrean. Horren aurrean, lehengo ibilbideak berreskuratu zitzatela eskatzeko, Egia Bizirik auzo elkarteak 2.000 sinadura bildu zituen, eta Udalinfora eraman zituen abenduan.
Martuteneko biribilgunea
Auzotarren parte hartzea sustatzen duen beste mozio bat ere onartu zuten atzoko udalbatzarrean. Hain zuzen ere, EH Bilduk mozio bat aurkeztu zuen Martutenen “kontsulta testuinguruak sustatzeko” eskatuz, biribilgune berriko errepidearen trazadura auzoko bizilagunekin zehazteko helburuarekin. Mozioa aho batez onartu zuen udalbatzak.
Astigarragatik Martutenera sartzeko dagoen biribilgunea da mozioan aipatzen dena, behin-behineko egoera txarrean dagoena, aspalditik. “Biribilgunea gasolindegiko hirigintza proiektuarekin lotu zuten, 2018an. Horrek biribilgunea berritzeko asmoa atzeratu zuen, eta udalari eskatu genion biribilgunea proiektutik ateratzeko, ahalik eta azkarren berritu zezaten. Kasu egin ziguten, baina pandemia iritsi zen. Azkenik, iazko azaroan berreskuratu zuten proiektua, eta proposamena aurkeztu ziguten. Ez zitzaigun egokia iruditu. Izan ere, udalak lurzoru publikoan egin nahi du biribilgunea, lurzoru pribatu bat desjabetu behar ez izateko. Gainera, bi errei dituen biribilgunea aurreikusten du udalak, eta sarrera zein irteerak errei bakarrekoak dira. Beraz, une honetan, biribilgunea berritzeko proiektua guk atzeratu dugu, baina gauzak ondo egin behar dira”, azaldu zion iaz hedabide honi Isabel Arrieta auzotarrak.