Xabi Alonsoren Igeldoko txaleta eraitsi egingo dute, epaitegiaren aginduz
Txalingo Xabi Alonsoren luxuzko txaleta ilegala dela eta eraitsi egin behar dela ebatzi du Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak. Sententziak dio txaleta ilegala dela ez duelako zerikusirik jatorrizko baserria berreraikitzearekin, eta berreraikitako eraikinean ez dela betetzen landa tipologia mantentzeko dagoen obligazioa. Horrez gain, estalki laua eraiki izana ere ilegaltzat jotzen du epaiak.
Hori horrela, eraikina eraitsi egin beharko dute, lizentziarik ez izateaz gain, epai horrek argi uzten baitu 2018an emandako lizentzia baliogabea dela eta ezin dela legeztatu.
Elkarteen errekurtsoa
2022an, zalaparta sortu zuen Igeldoko Txalin mendiaren magalean eraiki duten luxuzko etxebizitza horrek. Donostiako Udalak baimenduriko txaleta “ilegala” dela salatu zuten Haritzalde Naturzaleen Elkarteak, Ieltxo kultur elkarteak, Igeldoko Herri Kontseiluak eta hainbat herritarrek. “Berez, eraiki ezin den nekazaritza lurretan jartzea baimendu dute”, azaldu zuten Igeldoko plazan egin zuten prentsaurreko batean. Hori dela eta, auzitara jo zuten Haritzaldek eta Ieltxok, Herri Kontseiluaren babesarekin. Txaleta eraitsi eta eremua lehengoratzeko eskatu zioten udalari.
Txaleta ilegala dela esateko arrazoiak hainbat direla esan zuten salatzaileek orduan. Martuteneko baserri baten desjabetze batetik dator obra. “2/2006 Lurzoru Legearen 30. artikuluan oinarriturik, Igeldon eraikitzeko baimena ematen die udalak jabeei. Lege horrek baimentzen du, desjabetzea tarteko, eraiki ezin den nekazaritza lurretan eraikitzea inolako nekazaritza ustiapenik gabe. Baina hori dena ondo justifikatu behar da, eta ez dago horrelako txostenik, nahiz eta legearen 30.4 artikuluak hori exijitu”, azaldu zuten.
Azkenean, desjabetu zen baserri bat berreraikitzeko lizentzia eman zuen udalak, baina eraiki zutena ez zen baserri bat izan. “Txalet moderno bat da, eta baserriko jabeak ez dira inondik ageri. Espekulaziorako bidea eman du udalak”, salatu zuten aipaturiko elkarteek. Etxebizitzaren hasierako aurrekontua 419.000 eurokoa zela gogoratu zuten, eta egin zutenak 1.250.700 euroko aurrekontua zuela: “Hirukoitza da, eta horri lizentziaren 700.000 euroak gehitu behar zaizkio”.
Baserriak 406,8 metroko koadro zituen bizitoki gisa, eta ez zuen sotorik. “Udalak, ordea, 1.145 metro koadro dituen etxebizitza bat egiteko baimena eman die, soto eta guzti”, nabarmendu zute. Horrekin batera, udalak “legez kanpoko” bi lizentzia eman zituela gaineratu zuten: “Bi lizentzia horietako proiektuek leku desberdinean kokatzen dute etxea. Hori gutxi balitz, azkenean, etxea beste kokaleku batean egin da, beste lizentziarik eskatu eta jaso gabe”.
Salatzaileak, pozik
Epaiketa salatzaileen aldekoa izan da azkenean, eta Haritzalde, Ieltxo kultur elkartea eta Igeldoko Herri Kontseilua pozik agertu dira erabakiarekin. “Hasieratik salatu genuen eta epaitegiak arrazoia eman digu. Eta gogorarazi nahi dugu ez dela lehenengo aldia. Lehendik ere kasuak izan dira Igeldon, eta ia epai guztiak gure aldekoak izan dira. Hala ere, kasu honekin bereziki, agerian geratu da Donostiako Udalak izandako jokabide txarra eta friboloa”, adierazi dute.
Era berean, azalpenak eskatu dizkiote alkateari: “Eneko Goia alkateak eraikinaren legaltasuna defendatu zuen salaketaren biharamunean, eta hala ez bazen, neurriak hartuko zirela adierazi zuen. Iritsi da garaia. Argitu dezala zer gertatu den udalean hau dena onartzeko”.