Cristina Trujillo eta Jose Iruzozqui, Herri Ametsa Talaia kroseko garaileak
Eguraldia lagun, dozenaka lagun hurbildu ziren igandeko kirol probetan parte hartzera, eta giro aparta izan zuten Ulia mendiaren magalean.
Herri Ametsa ikastolako mendi krosa, mendi ibilaldia eta kros txikiaren VII. edizioa egin dute asteburu honetan Ulia mendian. Eguraldia lagun, dozenaka lagun hurbildu ziren igandeko kirol probetan parte hartzera, eta eta antolatzaileek azaldu dutenez, “giro apartaz” gozatu zuten parte hartzaile eta bertaratu ziren senide eta lagunek.
Mendi krosari dagokionez, Cristina Trujillo eta Jose Iruzozqui izan ziren denborarik onenak markatu zituztenak helmugan. Haiekin batera, podiumera igo ziren Sarah Ugarte, June Villarroel, Hodei Lujanbio eta Iraitz Legorburu. Orotara, 263 korrikalarik zeharkatu zituzten Uliako bidexkak, ikastolan ezarritako helmugara iritsi arte. Helduen aurretik, baina, txikienenek izan zuten korrika egiteko parada. Euren kasuan, domina bana eta txokolatea jaso zuten trukean.
Oinkada luze eta azkarrez gain, mendi ibilaldia egiteko aukera ere izan zuten igandean. Modalitate horretan, ehun lagun lagun inguruk zeharkatu zuten Pasaiako itsas argira doan basoko bidea. Elastikoak izerditu ondoren, ordea, indarberritzeko unea izan zuten eguerdian, eta ikastolako frontoian bildu ziren parte hartzailea eta 70 boluntarioak mokadu bat egiteko.