Erraustegitik Nafarroara eramandako hondakinen inguruko azalpenak eskatuko ditu EH Bilduk
Nafarroako Gobernuak Artaxoako Ecofert Sansoain enpresaren kautelazko itxiera agindu zuen joan den astean, Zubietako erraustegitik ateratako 5.000 tona hondakin baino gehiago prozesatu dituela egiaztatu ondoren. Lixibiatuak dira hondakin horiek; toxikoak izan daiteke eta Nafarroako instalazioak ez du tratatzeko baimenik. Horren aurrean, EH Bilduk jakinarazi du azalpenak eskatuko dituela auzian inplikatutako erakundeei: Nafarroako Parlamentuan, Gasteizko Legebiltzarrean eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan eskatuko ditu azalpenak.
Koalizio abertzaleak gogorarazi du Nafarroako Gobernuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreko astean eskaini zituztela euren azalpenak, baina “bertsio kontraesankorrak” eman zituztela salatu du, eta Eusko Jaurlaritzak “azalpenik eman gabe” jarraitzen duela. Bestalde, EH Bilduk jakinarazi du guztia argitzen denean “erantzukizun politikoak “eskatuko dizkiela dagozkien agintariei.