Javier de Aymerich entrenatzaile donostiarra zendu da
Javier de Aymerich entrenatzaile donostiarra zendu zen igandean, 70 urte zituela, Espainiako Komite Paralinpikoak baieztatu duenez. Besteak beste, Richard Oribe igerilari donostiarraren entrenatzailea izan zen urte luzez, eta Oriberen bidelagun izan zen bere kirol ibilbide arrakastatsuan. Aitzindaria izan zen igeriketan garun paralisia eta hartutako garun kaltea duten kirolariak entrenatzen. Bestalde, Konporta kluba sortu zuen De Aymerichek, Zurriolako hondartzako Tintin klub ezaguna kudeatzen duena.
Donostian jaio zen Javier de Aymerich San Roma, 1953an, eta Heziketa Fisikoan lizentziatu zen 1978an, Madrilen. Urte horretan bertan hasi zen lanean Michelin Klubean, eta hainbat klubetatik pasatu da 40 urteko ibilbidean, hala nola, Donostiako Tenisetik, Tolosatik eta Bidasoatik.
Igeriketa paralinpikoarekin zuen lotura 1997an hasi zen, Richard Oriberekin harremanetan jarri zenean. Donostiarra estatuko inoizko kirolari paralinpiko onena da, eta zortzi urre, sei zilar eta bi brontze lortu zituen sei Olinpiar Jokotan, eta beste 135 domina nazioarteko txapelketetan. De Aymerichekin Sydney 2000, Atenas 2004, Pekin 2008 eta Londres 2012 Olinpiak Jokoetan hartu zuen parte eta elkarrekin lan egiteko metodo aitzindaria garatu zuten garuneko paralisia duten kirolarientzat.
De Aymerich EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko igeriketa irakasle titularra izan zen 1988tik joan den urtean erretiroa hartu zuen arte, eta hainbat ikastaro eta kongresutan hizlari izan zen eta hainbat argitalpen egin zituen. Zenbait federaziotan ere karguak izan zituen, bereziki Garuneko Paralisia eta Kalte Zerebrala (FEDPC) zuten pertsonen Espainiako Kirol Federazioan, eta lotura handiagoa izan zuen harekin.