Kaldereroen Konpartsa Zaharrak ez du animaliarik izango aurten
Oraingo honetan zaldiek ez dute parte hartuko, 2022ko Euskadiko Animaliak Babesteko Legearen irizpideak jarraituta.
Sansebastianak atzean utzita, eta auzo gehienetan gertatzen ari den moduan, 1884ko Hungariako Kaldereroen Konpartsa Zaharra azken ukituak prestatzen dabil, zartaginak, panderetak astintzen hasteko. Larunbatean, otsailak 3, Parte Zaharreko kaletan zehar ibiliko dira berriro ere. Oraingo honetan, ordea, ez dute zaldirik izango, 2022ko Euskadiko Animaliak Babesteko Legearen irizpideak jarraituta. Nolanahi ere, Kalderero eta zingarez gain, larunbateko desfilean Irungo Erraldoi eta Buruhandi konpartsako kideak, Iparraldeko malabaristak eta ohiko musika bandako musikariak izango dira.
Ohiko ibilbidea
Azken urteetan ohi bezala, kaldereroek eta zingarek 21:45ean ekingo diote ibilbideari. Trinitate plazatik aterako dira, Santa Mariara bidean. Bertako atrioan, 22.15ean, Maritxu de las Koxkas (Joxean Estébanez) konpartsako erreginak, bertaratutakoei urteroko diskurtso satirikoa irakurriko die. Bukatzerakoan, taldeak Kale Nagusitik jarraituko du bere ibilbidea, Fermin Calbeton , San Jeronimo eta Esterlines kaleak zeharkatu, eta Sarriegi plazara iritsi arte. 2024ko berritasunen artean, baina, ibilbidean egin diren zenbait aldaketa daude. Sarriegi plaza atzean utzita, San Vicente ondoan dauden obrak direla eta, kalderero eta zingarek Arraindegi kalean ezkerrera egingo dute Narrikaraino eta, hemendik, Abuztuaren 31 kalera joango dira.. Gero, San Jeronimotik Fermin Calbetonera itzuliko dira, Kaialde elkarterantz. Mari kalean behera, Euskal Billeran geldialdia egingo du Konpartsak eta 1.30ean bukatuko dute ibilbidea, , Koruko Ama Birjinaren kalean.