Ostegunean irekiko dute Loiolako Erriberako hotela, 328 logelakoa
The Social Hub enpresa herbeheretarrak prest dauka Donostiako bere hotela, eta ostegunean irekiko dute, Loiolako Erriberan. 328 logelako establezimendua izango da, hiriko handiena, eta unibertsitateko zein bestelako graduetako ikasleentzat izango da bereziki, baina baita sektore batzuetako profesionalentzat ere, eta urtebeterainoko egonaldi luzeetarako izango da. Horrez gain, udan, ikasleak ez daudenean, turistentzako ere irekiko dute. Egonaldi luzeko gelek 1.000 euro inguruko prezioa dute hilabetean.
Gizarte Segurantzaren eraikinaren ondoan dago hotela, HozFontan arkitekto taldeak garatu du proiektua eta Amenabar enpresak eraiki du; 2022ko ekainean hasi ziren eraikitzen. Zazpi solairu, lurpeko beste bi solairu (aparkalekuak) eta igerilekudun zabaltza dituen hotela da, eta Charlie MacGregor enpresariak sortutako enpresak 50 milioi euro inbertitu ditu proiektuan. Logelez gain, joko aretoak, coworking gunea, kafetegia, taberna eta egongela ditu hotelak, besteak beste. Enpresak Europako hainbat herrialdetan ditu irekita antzeko establezimenduak: Alemanian, Frantzian, Austrian eta Italian, esaterako. Hotela The Student Hotel deitzekoa zen hasieran, baina azkenean The Social Hub izena hartu du.
Iazko martxoan udalak hotel berriei muga jarri bazien ere, Loiolako Erriberakoa ordurako onartuta zegoenez, aurrera jarraitu du proiektuak. Eta ez da bakarra izango, besteak beste, Arte Ederren eraikinean Hilton luxuzko hotelen katearen hotel bat egiten ari baitira. Horrela, hiriko plaza turistikoen kopuruak gora egiten jarraitzen du. Duela urtebete, hotel berriei mugak ezarri zizkietenean, Eneko Goia alkateak azaldu zuen Donostiak 18.000 plaza turistiko zituela —hotelak, etxe turistikoak, pentsioak, eta abar—. “Azken sei urteotan %40 igo da plaza turistikoen kopurua, eta gehiago igoko da oraindik beste bost bat hotel irekiko direlako”, gaineratu zuen Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak. Horietako bat da Loiolako Erriberakoa eta beste bat Arte Ederretakoa.