Udalak abian du Isuri Gutxiko Eremuaren herritarren partaidetza prozesua
Udalak karpa informatibo bat ezarriko du Alderdi Ederren otsailaren 3ra arte, eta martxoaren 12ra arte egongo da alegazioak aurkezteko aukera.
Donostiako Udalak abian jarri du Isuri Gutxiko Eremuaren (IGE) partaidetza prozesua, donostiarrei proiektuaren berri emateko eta behin betiko ekarpenak egitera animatzeko. Joan den abenduan egindako aurkezpenean aipatu zutenez, hasierako zirriborroa “ez da dokumentu itxia”, eta, beraz, herritarrei eta eragileei informazioa helarazi eta ekarpenak egiteko aukera eman nahi diete. Udalak azaldu duenez, “ikuspuntuak partekatzeko eta elkarrekin hausnartzeko” prozesua abiatu nahi du, proiektua hobetu ez ezik, “ahalik eta IGE onena” ere izateko.
Dokumentua udalaren webgunean kontsultatu daiteke eta alegazioak martxoaren 12ra arte egin ahal izango dira, Erregistro Orokorraren bidez, bai udalaren webgunean, eta baita Udalinforen bulegoetan ere. Era berean, urtarrilaren 29ko astean, herritarrei ekarpenak egiteko aukera emango zaie, Alderdi Ederren jarriko den karpa batean. Gune horretan, IGE proiektuaren hasierako proposamena ezagutu eta haren inguruko iritziak partekatu ahal izango dira.
Mariaje Idoeta Auzoetako zinegotzi ordezkariak azaldu duenez, “herritarrek banaka parte hartu ahal izango dute, baita elkarte eta erakundeek ere. Horretarako askotariko tailerrak egingo dira”. Marisol Garmendiak gaineratu du, halaber, prozesu honen helburua “donostiarrei proposamenak “egiten laguntzea dela, aldez aurretik ahalik eta informazioa eskainiz, proposamenak ahalik eta osatuenak izan daitezen. Horretarako, karpa bat jarriko da Alderdi Ederren, udaletxearen aurrean, otsailaren 3ra. Bertan, herritarrek IGEri buruzko informazioa jaso ahal izango dute, proiektuaren erakusketa eta aurkezpenekin. “Elkargune bat da hau, informazio gune bat eta proiektua hobetzeko gunea. Oso ondo azaltzen da dena eta modu gardenean”, azaldu du Garmendiak.
Karparen ordutegia honako hau izango da:
• Urtarrilak 29, astelehena: 16:30 – 20:00
• Urtarrilak 30 asteartetik, otsailak 2 ostiralera: 10:00 – 13:30 / 16:30 – 20:00
• Otsailak 3, larunbata: 10:00 – 13:30
Emaitzak bateratuta
Udalak donostiarren ekarpenak aztertu ondoren, apirilaren hasieran prozesuaren emaitzak itzuliko dira, proiektuan egokitzat jotzen diren proposamenak sartzeko eta behin betiko onartzeko. Horren ostean, IGE arautuko duen ordenantza egiten hasiko dira, datorren udazkenerako aurreikusten dena. IGEk 2024-2029 urteetan izango du lehen fasea eta Donostiako ibilgailuen %8 mugatu egingo dute.