Anari, Muare, Triangulo de Amor Bizarro eta Hopper ariko dira Intxaurrondo Kultur Etxean
Datozen hilabeteotan Intxaurrondo Kultur Etxean antolatu dituzten kontzertuen berri eman du Donostia Kulturak: martxoaren 16an Anarik eta Muarek joko dute eta apirilaren 20an Triangulo de Amor Bizarrok eta Hopper taldeak. Bi emanaldiak 21:00etan izango dira, eta sarrerak Donostia Kulturaren webgunean daude salgai.
Anari euskal bakarlari ezaguna Giza zarata diskoa aurkeztera dator, bere ibilbide luzeko zazpigarrena, eta bere ohiko bandarekin batera taularatuko da: Xabier Olazabal (baxua), Mariano Hurtado (pianoa eta organoa), Ander Mujika (gitarra elektrikoa eta ahotsa), Xabier Etcheverry (arrabita eta ahotsa) eta Mikel Txopeitia (bateria). 1996an argitaratu zuen Anarik bere lehenengo diskoa, Anari, eta Euskal Herriko oholtzaz oholtza ibili da ordutik. Bestalde, beste musikari batzuekin batera, Bidehuts zigiluaren sortzaileetako bat da.
Bestalde, Maddi Gerriko Fariñas eta Eli Beraza Sorarrain musikariek osatzen dute Muare bikotea, eta iazko abenduan argitaratu zuten euren lehenengo diskoa, taldearen izen berekoa. Koban taldean egin zuten topo duela zenbait urte, eta zerbait pertsonalagoa sortu nahian hasi zuten proiektua. Atmosfera elektronikoan bildutako pop-folk melodikoa egiten dute, sintetizagailu, erritmo kutxa, looper eta ahotsekin. Balio Dute kolektiboko kide dira 2022ko Kutixik jaialdian egin zuten debuta oholtza gainean.
Apirileko emanaldiko taldeei dagokienez, Triangulo de Amor Bizarro Sed diskoa aurkeztera dator: “Sed disko mundutar eta lurtarra da, pertsonaia batzuen emozio primitiboak jorratzen dituena etsaitasunezko mundu aldakor eta teknifikatu batean, non denbora abiadura latzean pasatzen den. Arrakastaren, ospearen eta boterearen bilaketari, gailurreko bakardadeari, une onei eta zure moduko pertsonaia batzuen gainbehera saihetsezinari buruzko diskoa da”, azaldu du taldeak. Rodrigo Caamaño Diaz (gitarra eta ahotsa), Isabel Cea (baxua eta ahotsa), Rafael Mayo (bateria) eta Ruben Muñoz (teklatua eta gitarra) musikariek osatzen dute laukotea.
Hopper taldea Oskar Amores (abeslaria eta gitarra), Pedro Galdon (baxua), Carlos Toro (gitarra) eta Yon Gonzalez de Amezua (bateria) musikariek osatzen dute, eta Ciudades Vacías diskoa aurkeztera datoz. Estetika garaikideetatik ihes egin du lan honekin laukoteak, eta 1990eko hamarkadako soinu ilun eta sendoekin esperimentatu dute.