Errondo pasealekuan egingo duten zuhaitz mozketaren aurkako elkarretaratzea antolatu dute ostegunerako
Amara Berriko auzo elkarteak elkarretaratzea egingo du ostegunean, Errondo pasealekuan topoaren lanak direla eta, hamazazpi platanondo moztuko dituztela salatzeko. Protesta 17:00etan egingo dute, Amara Berri Morlans ikastetxearen aurrean. Deialdiarekin bat egin dute Amara Bai, Lantxabe eta Morlanseko auzo elkarteek ere.
Zuhaitz mozketa hori ETSk (Euskal Trenbideen Sarea) udalaren baimenarekin egingo duela salatu dute, eta zehazki, gasolindegiaren aurreko bideen ondoan dagoen ilara guztiko platanondoak moztuko dituztela diote: “Hogei metro baino gehiagoko altuera eta 210 zentimetroko diametroa duten platanondoak dira. Mozketa hori salatu nahi dugu, ez baita horretarako momentua aldaketa klimatikoa bizi dugun honetan eta ezta ez obra publiko baterako konponbidea ere”.