Intxaurrondoko Sorleku parkearen atzerapenak salatu ditu IZBEk
Intxaurrondon Sorleku parkearen zain jarraitzen dute, eta atzerapenak salatu ditu berriz ere Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteak (IZBE): “2021etik gaude zain Dbusen kotxetegien azpiko Sorleku parkea noiz egingo. Prozesu parte hartzaile bat burutu zen bere garaian eta ikasle, irakasle, bizilagun eta bertako eragile askoren artean auzoak zituen beharrak azaldu genituen. Prozesua egitean, udaleko ordezkariek, behin eta berriz, parkearen diseinuan kontuan hartuko zutela esan eta aurrekontua bazegoela hori egiteko esan ziguten, 2022 aurrekontuetan ba omen zegoen onarturik”.
Ordea, guneak utzita jarraitzen duela nabarmendu du IZBEk, “gero eta egoera txarragoan”: “Prozesu parte hartzailean egon ginenok ez dugu inolako informaziorik jaso, eta aurrerapausoak beharrean atzerapausoak egon direla esango genuke. 2021etik hona nahi baino gutxiago egin du euria, baina… pasa da denboratxoa zerbait egiteko, ez duzue uste?”.
Era berean, Intxaurrondoko proiektua Manteoko Basque Culinary Centerren bigarren egoitzako lanekin (GOe) alderatu dute: “Harrigarria iruditzen zaigu nola Manteon, prozesu parte hartzaile kaskar bat eginda eta bizilagunen babesik gabe, zein azkar hasi diren zuhaitzak botatzen eta lanak abiatzen, eta Intxaurrondon berriz, prozesuak egin, aurrekontua izan eta bizilagunen eskatutako zerbait izanik, egoera honetan gauden”.
“Ez gaitzazue, mesedez, berriro erabili. Prozesu parte hartzaileak kontuan har itzazue eta errespetatu emandako hitza. Sorlekuko parkea zain duzue, eta ez baduzue ezer egiteko asmorik, Manteoko GOe-a jartzeko ere leku egokia izan daiteke, bertan ez dago berdegunerik suntsitu beharrik eta”, gaineratu dute.