Kaldereroak prest daude 140. urteurrena ospatzeko
Neguko jaiek aurrera jarraitzen dute Donostian: kaldereroak hainbat auzotatik ibiliko dira larunbatean, eta inude eta artzainak igandean. Bestalde, Santa Ageda bezpera ere igandean izango da.
Sansebastianak pasatu dira, baina Donostiako neguko jaiak ez dira bukatu, eta asteburu honetan jai giroan murgilduta egongo da hiria, Raimundo Sarriegi eta Victoriano Iraola konpositoreen doinuen erritmora. Hain zuzen ere, kaldereroak hainbat auzotako kaleetatik ibiliko dira larunbatean, eta inude eta artzainak igandean. Bi jai horien aurkezpena egin dute gaur udaletxean, eta Jon Insausti Kultura zinegotziak nabarmendu du aurtengo kaldereroak bereziak izango direla, 140 urte beteko dituztelako. Era berean, urteotan guztietan kaldereroetatik pasatutako herritarren eta elkarteen lana goraipatu du zinegotziak: “Belaunaldi bakoitzak jakin izan du bere ikuspegia ematen jaiei, eta horri esker ditugu egungo egungo jai parte hartzaile eta inklusiboak”.
Ohiko legez, Parte Zaharreko Konpartsa Tradizionalarena izango da hiriko kaldereroen desfile nagusia, larunbatean (hilak 3): hemeretzi tributako 412 kidek hartuko dute parte, eta 21:45ean abiatuko dira Fermin Kalbeton kaletik. 22:00etan, kanpalekua jarriko dute Plaza Berrian, Kresalako dantzarien ikuskizuna eta erreginaren hitzaldia izango dituzte bertan, eta kaldereroetako abesti klasikoak joko dituzte, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza eskolako bandak lagunduta. 22:45ean, kanpalekua utzi eta Parte Zaharreko kaleetan barrena ibiliko dira, 01:30ak arte. Hauek dira hemeretzi tribuak: Aitzarte, Akelarre, Antiguotarra, Ardatza, Arrano, Artesana, Artikutza, Bare-Bare, Esperanza, Euskal Billera, Gaztelubide, Herria, Kasilda, Kresala, Tenis, Suharri, Ur, Urgull eta Zarautztarra.
Aurtengo erregina Juan Antonio Antero izango da, kaldereroetan urte luzez aritutakoa eta iaz Eraldeak liburua argitaratu zuena; Donostiako inauteriak XIX. mendetik hona izandako bilakaera jasotzen du liburu horrek. Hain zuzen ere, Parte Zaharreko Konpartsa Tradizionaleko tribuek liburu horrekin jaiei egindako ekarpenarengatik eta “kalderero aparta izateagatik” erabaki dute Antero izatea erregina, konpartsako kide Aitzpea Leizaolak azaldu duenez. Antero, bestalde, “eskertuta” agertu da izendapenarekin: “Honekin, nire historiako ziklo bat ixten da, izan ere, Parte Zaharrekoa naiz, eta 15 urterekin atera nintzen estreinakoz kaldereroetan. Ondoren, 1980ko hamarkadan, Grosekoetan sartu nintzen, eta hor pasatu ditut 40 bat urte”. Amaia Antero eta Ibon Antero izango dira erreginaren damak.
Bestalde, ohiko legez, txapa oroigarri bat egin du Parte Zaharreko Konpartsa Tradizionalak, eta aurtengoak Joseba Galarragaren irudia dauka. Urte luzez konpartsako zuzendaria izan zen Galarraga, eta baita Aitzarte tribuko nagusia ere. Horrela, Leizaolak azaldu duenez, “gorazarre” egin nahi izan diete urte askoan kaldereroen antolakuntzan eta sustapenean aritutako herritarrei.
Auzoetan barrena
Parte Zaharrean ez ezik, hiriko hainbat auzotan ere ibiliko dira kaldereroak. Ostiralean (hilak 2), Zurriola Ikastolakoak (15:00-16:30, Grosen), Jakintzakoak (15:30-16:30, Antiguan) eta Aldapeta Maria ikastetxekoak (14:45-16:15, Amaran) ibiliko dira. Larunbatean, (hilak 3) Kai Harripe euskara batzordekoak (17:00-19:00), 1884ko Hungariako Kaldereroen Konpartsa Zaharrekoak (21:45-01:50) eta Parte Zaharreko Konpartsa Tradizionalekoak (21:45-01:30) ibiliko dira Parte Zaharrean, Amarakaldek elkartekoak Amara Berrin (17:30-20:30), Arrano elkartekoak Egian (17:30-20:30), Lanberri auzo elkartekoak Txominen (17:30-20:00), Herrera Kirol Elkartekoak Herreran (18:00-20:00), Groseko Hungariar Kaldereroen Konpartsakoak Grosen (18:00-21:15) eta Donosti Berri elkartekoak Amaran (18:00-21:30). Bestalde, Loiolakoek joan den asteburuan desfilatu zuten, eta Antiguakoek otsailaren 17an desfilatuko dute, 20:30etik 23:30era. Guztien ibilbide eta ordutegi zehatzak hemen kontsultatu ditzakezue.
Kaldereroen Konpartsa Zaharrak astelehenean iragarri zuen aurten ez duela animaliarik erabiliko bere desfilean, eta, gaiaren inguruan galdetuta, Insaustik azaldu du Tradizionalak zaldi bat izango duela, erreginaren gurdia bultzatzeko. Era berean, haur danborradako pertsonaien karrozak bultzatzeko ere zaldiak eta astoak erabili zituztela gogorarazi du: “Arauak dioena egiten dugu: soilik beharrezkoak direnean erabiltzen ditugu animaliak, eta kontrolatzeko baliabideak ditugunean”.
Inude eta artzainak
Igandean ere Sarriegiren doinuak entzungo dira hirian, inude eta artzainen bueltan. Ohiko legez, Kresalakoak ibiliko dira Parte Zaharreko kaleetan barrena: 12:00etan abiatuko dira elkartetik bertatik, eta auzoko kaleetatik desfilatu ostean, Plaza Berrian egingo dute antzezpen nagusia, 13:00etan. Ondoren, desfilearekin jarraituko dute, 14:00ak aldera elkartean bukatzeko.
Aurtengo parte hartze handia nabarmendu du Joxe Muruak, Kresalako kideak: “Nabarmena izan da parte hartzearen igoera aurten, eta guztira 200 bat lagun aterako gara. Hala ere, garaiko jantzia duen orok hartu dezake parte: elkartean azaldu dadila eta gurekin aterako da”. Joselontxos txarangaren erritmora desfilatuko dute, eta 60 danborrarik ere hartuko dute parte, 30 dantzari bikoterekin eta ohiko pertsonaiekin batera. Garai bateko Donostia irudikatzen dute inude eta artzainek, eta hauek dira pertsonaiak: alkatea eta emaztea, idazkaria, gotzaina, apaiza, meza laguntzaileak, mikeleteak, barkilleroa, bota garbitzailea, lorezaina, ogi saltzailea, pirularia, globo saltzailea, medikua, erizainak, lisatzaileak eta beste hainbat pertsonaia garaiko jantziekin.
Bestalde, igandean bertan, Grosen, Artaiñu konpartsako inude eta artzainak ere ibiliko dira, 11:15etik 14:30era. Ikasbideko inude eta artzainak ere kalera aterako dira igandean, eta Loiolako Erriberako eta Amara Berriko kaleetatik ibiliko dira, 11:30etik 14:00etara. Bestalde, Antiguan hurrengo asteburuan ospatuko dituzte inude eta artzainak, hilaren 10ean, 11:30etik 13:00etara. Konpartsa guztien ibilbideak eta ordutegiak hemen kontsultatu ditzakezue.
140. urteurrena
Aurten 140 urte beteko dira Union Artesana eta La Fraternal elkarteek Donostiako kaldereroak 1884. urtean sortu zituztenetik. Inauterien barruan atera zen kaldereroen konpartsa orduan, Sarriegiren musikak eta Adolfo Combaren letrek lagunduta. Urte gorabeheratsuak izan zituzten hortik aurrera kaldereroek, hainbatetan desagertzeko zorian egon baitziren, eta elkarte antolatzaileak aldatzen joan ziren.
1959-1968 urteen artean hasi ziren kaldereroak erregulartasunez ospatzen, Gaztelubide elkartearen eskutik, baina 1968an bertan behera gelditu ziren, garaiko testuinguru politikoa zela medio —salbuespen egoerak, eta abar—. Horrela, 1972an, Kultura eta Turismo Ekintzetxeak berreskuratu zituen kaldereroak, eta pandemiako urteak kenduta, ez da etenaldirik egon ordutik. 1980ko hamarkadan, auzoetako konpartsak sortzen joan ziren, eta jaia are gehiago egonkortu zen.