Kalistenia parke bat irekiko dute bihar Bentaberrin
Irekierarekin bat, Donostia Kirolak entrenamendu gidatu bat antolatu du biharko, 16:30etatik 18:30etara.
Donostia Kirolak hirigune kirola sustatzeko planarekin jarraitzen du, eta “herritar guztientzat irekiak diren aire zabaleko” kirol instalazio berriak eraikitzen jarraitzeko asmoa du. Urrian bukatu zituen parkour egiteko parkea Antiguan, eta bihar, kalistenia lantzeko pista berria irekiko dute. Bentaberri Udal Kiroldegiaren aurrealdean ezarri dute hori ere, aldamenean dituen aire zabaleko pistekin, kirol gune handi bat sortu dadin.
Iñaki Gabarain Kirol zinegotziak nabarmendu duenez, “herritarren artean bizi eredu osasungarriak sustatzeko ahalegina egin da, kirola jardunbide egoki gisa aukeratuz. Kirol pista berri horri esker, ariketa fisikoa egin daiteke gorputzaren pisua erabiliz. 859 metro koadro dira, eta kalistenia praktikatzen dutenek eserialdiak, dominatuak, eta flexioak egin ahal izango dituzte”. Orotara, hamalau elementu dinamikok eta estatikok osatzen dute espazioa, eta kautxuzko zoladura berezi bat ere badu, oinarri indargetzaile batekin.
Instalazio berriaren irekierarekin bat, Donostia Kirolak entrenamendu gidatu bat antolatu du biharko, 16:30etik 18:30era, instalazio berrian egin daitezkeen jarduerak ezagutarazteko. Jarduera doakoa izango da, baina beharrezkoa izango da aldez aurretik Bentaberri kiroldegian bertan edo webgunean izena ematea .