Amara Berriko Karmelo ikastetxea itxiko dute ikasturte amaieran
Ikastetxeko arduradunen arabera, jaiotza tasa baxua da itxieraren erantzuleetako bat, eta egun dituzten 290 ikasleak ez dira nahikoak euren hezkuntza proiektuarekin aurrera egiteko.
Amara Berriko Scientia Karmelo ikastetxeak ateak itxiko ditu ikasturte honen amaieran ikasle falta dela eta. Hala jakinarazi zieten langile eta familiei atzo arratsaldean. Ikastetxeko arduradunen arabera, jaiotza tasa baxuak hezkuntza sistemari eragin dio bete-betean, eta ikasle eskasiak euren proiektuaren bideragarritasuna galarazi dute.
Ikasturte hasieran Lehen eta Haur hezkuntzako ikasle kopurua aztertu ondoren proiektua bideraezina zela ondorioztatu du zuzendaritzak eta azken asteetan erabaki dute, ikastetxearen ateak betiko ixtea. Albistea, baina, atzo bertan zabaldu zuten publikoki. Eguerdian, egoeraren berri eman zieten Kristau Eskolako profesionalei, eta arratsaldean bilera batera deitu zituzten ikasleen gurasoak. Horren ostean, zalaparta eta nahasmendua izan zen nagusi familien artean, denbora gutxirekin abisatu dituztela iritzita, batik bat, gainerako zentroetako aurrematrikulen epea datorren astean hasi behar denean.
Ikasle eta profesionalentzako bide berriak
Ikasleen etorkizunari dagokionez, inguruko ikastetxeekin ari dira lanean, trantsizioa ahalik eta errazena izan dadin, eta aurreikusita dago familiei hainbat aukera eskaintzea eremu berean. Era berean, ikastetxeko langileen etorkizuna lantzen ari dira. Itxiera ofiziala abuztuaren 31n izango da, baina ikastaroa ekainaren 21ean amaituko da, aurreikusita zegoen bezala.
Ehun urteko ikastetxea
Ikastetxeak 100 urteko historia du, Aita Donostia biribilgunearen ondoan dago kokatuta, eta 290 ikasle ditu orotara, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan eskaintzen dituen mailatan. Era berean, ikastetxean 45 profesional dabiltza lanean, irakasle, administrazioan, jantokian eta mantentze lanetan. 2019an, Sciencia Schoolek Karmeloren titulartasuna hartu zuen, 98 urte lehenagotik Ahizpa Karmeldar Misiolariek kudeatu ondoren. Anoeta estadioaren parean, egun beste ikastetxe batzuekin partekatzen du eraikina: École Larrun, euskal lizeoa – frantsesa Donostian, eta Tilin-Talan haurtzaindegia.