Gladys Enea parkea neguan nola aldatzen den azalduko dute bisita gidatu batean
Gizakioi ez ezik, urtaroek modu zuzenean eragiten diote naturari, eta Gladys Enea parkeko natura ez da salbuespena. Hain zuzen ere, neguak parkean duen eraginaren inguruko bisita gidatua antolatu du parkean Cristina Enea Fundazioak: “Negua lozorroaren urtaroa da, non landareek eta animaliek jarduera gutxien izaten duten. Baina ez da beti horrela izaten. Parkean zehar antolatu dugun bisita gidatu batean kontatuko dizugu dena”. Zehazki, bi bisita egingo dituzte, biak 11:30ean: igande honetan (hilak 4) euskaraz eta hurrengo larunbatean (hilak 10) gaztelaniaz. Familientzako pentsatuta daude bisitak, eta amaieran eskulan bat egingo dute; Cristinaenea.eus webgunean eman daiteke izena.
“Urtaro honetan hosto iraunkorreko koniferoek protagonismoa hartzen dute parkean; izan ere, zedroak, izeiak eta pinuak dira urteko urtaro gogor honetan hostoak adarretan mantentzera ausartzen diren zuhaitz indartsu eta sendoak”, azaldu du Olatz Urretabizkaiak, Cristina Enea fundazioko monitore eta bisita gidatu horien arduradunak. Gaineratu duenez, “badira neguan fruituak ematen dituzten espezieak, animaliek asko estimatzen dituztenak, janaria garesti baitago garai honetarako”.