Arbaizenea jauregiari erabilera irekiagoa eman nahi dio Albako dukesaren semeak
Albako dukesaren seme Cayetano Martinez de Irujo Eneko Goia alkatearekin eta Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziarekin bildu zen atzo udaletxean, haren jabetzakoa den Arbaizenea jauregiari erabilera irekiagoa emateko aukeraz hitz egiteko. Noticias de Gipuzkoa hedabideak eman du albistea, eta informazioa baieztatu diote udaleko iturriek IRUTXULOKO HITZAri. Hala ere, udaleko iturriek azaldu dutenez, ez da Martinez de Irujo udalarekin harremanetan jartzen den lehenengo aldia, Arbaizeneari buruz hitz egiteko.
“Hainbat kontsulta egiten hasi da Hirigintzan, Arbaizenean nolako zerbitzuak eskaini daitezkeen ikusteko. Bere asmoa da Arbaizenea erabilgarri jartzea kongresuak, bilerak edo ekitaldiak egin ahal izateko. Alkatearekin eta Nekanerekin bilera izan da jakinaren gainean jartzeko eta bere asmoa hori dela esateko, alegia, Arbaizenea hirira ireki nahi duela. Eta era berean, udalari lankidetza eskaini dio, udalak edozein aurkezpen edo ekitaldi egin nahiko balu erabilgarri izateko”, azaldu dute udaleko iturriek. Horrela, udalak “begi onez” ikusten du “Arbaizenea hirira irekitzeko erabakia. Izan ere, etxe horrek historia handia du eta hiriaren ondarearen parte bat da. Beraz, prest egongo litzateke aztertzeko lankidetza hori”.
Hala ere, argitu dute eraikin horri ezin zaiola edozein erabilera eman; hotel bat ezingo litzateke ireki, adibidez, besteak beste, hotel berrien inguruko moratoria indarrean dagoelako. Era berean, udaletik nabarmendu dute edozein jarduera egiteko beharrezko baimen guztiak eskatu beharko lizkiokeela jabeak udalari, eta edozein obra egiteko ere kontuan izan beharko duela eraikin historikoa dela jauregia, eta Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian babestuta dagoela; beraz, ezin da bertan edozein lan egin.
Ikusteke dago, beraz zer gertatzen den etorkizunean Arbaizenearekin, baina udaleko iturrien arabera, jabeak oraindik “ez du erabaki finkorik hartu jauregia zehazki zertara bideratu nahi duenaren inguruan, soilik galdetzen hasi da zertara bideratu dezakeen, erabaki bat hartzeko eta behar diren lizentziak eskatzeko. Hortaz, oraindik ez dago ez eperik, ez beste ezer”. Gaur egun, ezkontzak eta halako ekitaldi pribatuak egiteko alokatu daiteke jauregia, Arbaisenea.com webgunearen bitartez, eta jakina da urte luzez aristokrata asko pasatu direla handik.
1881ean eraikia
San Roke kalean dago Arbaizenea jauregia. Albako dukesa Espainiako aristokrata ezagunaren udako etxea izandakoa Donostiako finka pribatu handiena da, eta 140 urte bete zituen 2021ean; 1881ean eraiki zuen Sotomayorko dukeak. Bi hektareako lurrak ditu Arbaizeneako jauregiaren inguruko lorategiak. Hala ere, 1997an Donostiako Udalarekin akordio bat egin zuen Alba familiak: Arbaizeneako lursail lauarekin geratu ziren aristokratak (Txanpuene baserria barne), eta udala, Txanpuene zenaren aurrealdean dagoen gune berde eta aldapatsuarekin.
Txanpuene baserria San Roke kaleko 57.enean zegoen, Arbaizenea jauregiaren ondoan, eta Albako dukeena zen, nahiz eta 150 urtez Etxabe familia bizi izan, maizter moduan. Badira urte batzuk aristokrata espainiarrek Txanpuene eta inguruko lurrak higiezinen enpresei saldu zietenetik, eta maizterrek epaitegietan “borrokatu” zuten beraien etxean bizitzen jarraitu ahal izateko. Hala ere, 2020ko abenduan eraitsi zuten baserria eta luxuzko etxebizitzak eraiki dituzte bertan, Alba familiaren jauregiaren ondoan.