Askotariko filmak ikusi ahalko dira datorren astean Mendi Tour zikloan
Mendi Tour zinema zikloak mendia, abentura eta natura gaien inguruko filmak proiektatu ohi ditu, eta datorren astean abiatuko da aurtengoa, Donostian. Iazko Bilboko Mendi Film jaialdiko film onenek osatuko dute egitaraua, eta, beraz, “ikusgarritasuna eta kalitate goreneko zinema ziurtatuta daude, baita Mendi Tour-eko ohiko ikusleen artean sortzen den giro ona ere”, nabarmendu du Donostia Kulturak.
Otsailaren 5ean, 6an eta 7an egingo dute zikloa, Antzoki Zaharrean, eta hainbat film ikusi ahalko dira egun bakoitzean. Donostia Kulturaren webgunean kontsultatu daitezke egitarauak, eta baita sarrerak erosi ere.