METROA
Errondoko zuhaitzen mozketa salatzeko elkarretaratzea egin dute Amara Berrin
Hamarnaka lagunek bat egin dute gaur arratsaldean, Amara Berriko ikastetxearen atarian, Errondo pasealekuko 27 zuhaitzen mozketa salatzeko. Amara Berriko auzko elkartetik zehaztu dutenez, hogei metroko 27 platano zuhaitz dira moztu nahi dituztenak, eta urteak daramatzate kale horretan. Orain, baina, Donostiako Metroaren lanak oztopatzen dituzte, datozen hilabeteetan egungo sarea metro batzuetan desbideratuko eta zonalde hori erabili beharko dutelako. “Egungo metroaren tunela libre utzi behar dute eta 60 metro beherago desbideratu, karga eta merkantzien garraiorako”, azaldu du Xabier Berridi, Amara Berriko Auzo Elkarteko kideak.
Metroaren lanak hiru urteko epean egingo dira, baina horren ostean, zuhaitzak bere lekura bueltatzea eskatzen dute bizilagunek: hau da, lanek irauten duten unean, beste leku batera lekualdatzea, ondoren berriz ere bere lekuan uzteko aukera izan dezaten: “Ikusi izan ditugu palmera handiak kamioetan, eta ez dakigu zergatik ezin diren hauek beste zonalde batean lekualdatu, plataneroak gure ekosisteman ondo moldatzeaz gain, edonon ditugu eta”.