Sinple bezain tinko, haur kantariak trebatzeko jaioa
Zarauzko Laboral Kutxaren sukurtsaleko zuzendaria izanik ere, lan hori alde batera uztea erabaki zuen Imanol Urbietak, haurrentzako euskarazko musika sortzera dedikatzeko. Erabaki horrek sekulako garrantzia izan zuen euskal kulturan, Xirula Mirula metodoari esker, haurrek musika euskaraz ikasten hasi ahal izan zutelako. Zarauzko lehenengo musika eskola sortu zuen, baina bere jaioterritik Donostiara zabaldu zuen lana. Gaur egun, Euskal Herri osoan ezagunak dira Urbietaren abestiak, eta bere legatuak bizi-bizirik jarraitzen du Amara Berriko Xirula Mirula musika eskolan, zeinak 40. urteurrena bete baitu aurten.
![xirula mirula](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2024/02/xirula-mirula.jpg)
Badira belaunaldiz-belaunaldi transmititzen diren abestiak, eta urteak igarota ere, sekula iraungitzen ez direnak. Horietako hainbat sortu zituen Imanol Urbieta musikariak (Zarautz, Gipuzkoa, 1934-2016), umeentzako musika euskaraz egiten aitzindaria izan zenak. Izan ere, nork ez ditu abestu eta dantzatu noizbait Ran rober ran, MackMikel edo Behin betiko abestiak?
Imanol Urbietak 1983ko udan zabaldu zuen Xirula Mirula grabaketa estudioa eta musika eskola Amara Berriko Katalina Erauso kaleko 12. zenbakian, eta musika eskola gisa bertan jarraitzen du oraindik ere, Joxean Urbieta semearen (Zarautz, 1961) gidaritzapean. Bertan egin dugu hitzordua, eta Xirula Mirularen historia errepasatu dugu Joxean Urbietarekin. Bere aitaren lanak lehenago eta geroago bat markatu zuen euskal kulturan.
«Nire aita fraidea izatekoa zen Arantzazun [Gipuzkoa], eta 20 urterekin abituak hartu behar zituen, baina konturatu zen hori ez zela berea. Aitak hori utzi, eta Zarauzko mugimendu guztietan sartu zen: musika, euskara… Francoren garai gogorrak ziren, 1960ko hamarkadako hasieran. Aitak koru bat zeukan, musika ere egiten zuen, eta umeekin ere hasi zen lanean. Haur kantekin lehenengo euskarazko diskoa atera zuen, Bartzelonan grabatutakoa, 1968-1969 urteetan. Lehenago ez zegoen umeentzako kantekin diskorik euskaraz. Ordura arte, eskoletan euskaraz abesten ziren kantak irakasle bakoitzak zekizkienak ziren», azaldu du Urbietak.
Gogoan du txikitan, berak eta bere bi anaiek musika ikasten zutenean, gaztelaniazko liburu bat zutela, eta liburu berdina erabiltzen zutela adin desberdinetako haurrek. «Etxera joaten ginenean, aitari esaten genion redonda zer zen ikasi genuela adibidez, baina ez genuela ulertu zer zen. Orduan, aitak azaltzen zigun eta ulertzen genuen», adierazi du Urbietak.
Horrela konturatu zen Imanol Urbieta gabezia bat zegoela euskaraz musika ikasi ahal izateko, eta bere ibilbidean erabaki garrantzitsu bat hartu zuen orduan: «Garai hartan, Laboral Kutxako Zarauzko sukurtsaleko zuzendaria zen, eta hori utzi zuen ikastolan lanean hasteko. Gero, ikastola utzi eta Zarauzko musika eskola sortu zuen, Joxe de Ezpeleta izenarekin. Gizon hori Zarauzko enpresari bat zen, lokala utzi ziena nire aitari eta taldetxo bati umeekin musika egiteko. Ondoren, 1978an edo, umeentzako musika euskaraz ikasteko metodo bat egin zuen, eta metodo horri jarri zion Xirula Mirula izena. Iraultza bat izan zen, lehen aldiz egin zelako musika euskaraz umeentzat», nabarmendu du Urbietak.
Lutxi Manzisidor zumaiarrarekin batera landu zuen Xirula Mirula metodoa, eta, hasieran, 6, 7 eta 8 urteko haurrentzat zen. «Nire aitak Manolo Urbieta izena zuen, baina proiektua Euskal Herrian argitaratu zenez, Imanol jarri zuen izena. Ordutik, Zarauztik kanpora Imanol da, baina Zarautzen beti Manolo», azaldu du.
Xirula Mirula metodoaren bidez, musikaren teoria azaltzen zen, baina umeentzat: ipuinekin eta kantekin. Liburu bat eta lau kasete argitaratu zituzten lehenengo, Zarautzen «magnetofono zahar batekin» grabatuta.
Fraide izateko bidean zen Imanol Urbieta,
20 urterekin abituak alde batera utzi
eta Zarautzera itzultzea erabaki zuenean
Metodoa Donostiara iritsi zen
Imanolek beti izan zuen Joxean semea alboan, laguntzeko prest. Garai hartan, Irakaskuntza ikasten ari zen semea, Larramendi seminarioan, Antiguan. «Hara ere joan zen aita, eta Larramendin ere egin zituen gauzak haurrentzat, izan ere, konturatu zen Xirula Mirula metodoa ume helduagoentzako zela. Orduan, Xixupika proiektua sortu zuen Haur Hezkuntzako umeentzat. Horkoak dira Ran rober ran eta kantu horiek denak. Horiek hementxe grabatu genituen, Amara Berriko estudio honetan», gogoratu du.
Larramendiz gain, Hernanin eta Martuteneko ikastolan ere aritu ziren umeei musika klaseak ematen. «Martuteneko ikastola zentrala Martutenen bertan zegoen, baina Astigarragan, Ergobian eta Loiolan ere bazegoen, eta egunero joaten ginen toki batera. Orduan, aita gitarrarekin kantuan aritzen zen, eta Irakaskuntza ikasten ari ginen lagun bat eta biok umeekin pixka bat pailazokeriak egitera joaten ginen. Pixka bat laguntzera ere bai, eta aita erlaxatuago egoten zen; berak eramaten zuen dinamika guztia, baina bera eserita egoten zen», adierazi du Urbietak.
Ordea, Imanolen betiko ilusioa grabaketa estudio bat muntatzea izan zen, bere lanak argitaratu ahal izateko. Izan ere, musika irakasleei ikastaroak ere ematen zizkien, eta ikastaro horietako funtzionamendua ez zitzaion oso egokia iruditzen. «Ni berarekin joaten nintzen, Deustura adibidez, eta 40 irakasle izaten genituen ikastaroan. Aita hasten zen bere kantak abesten, eta jendea grabagailuarekin kantak grabatzen. Eta aitak esaten zien orduantxe banatu zituela partiturak, baina irakasleek erantzuten zioten ez zekitela partiturak irakurtzen. Eta aitak esaten zuen: ‘ze baldintzetan ari gara grabatzen hemen?’. Orduan erabaki zuen guk geuk grabatu behar genituela abestiak», azaldu du Urbietak.
1983an erosi zuten Amara Berriko gaur egungo lokala eta albokoa, eta bertan muntatu zuten estudioa, ametsa egi bilakatuz. Hasiera, ordea, ez zen guztiz erraza izan: «Diruz larri ibiltzen ginen. Hemengo disko bat ez da Europako disko bat, eta hainbeste lan egin ondoren, justu bankuari ordaintzeko ematen zuen. Beraz, handik hiru edo lau urtera, ondoko lokala saldu egin zuen aitak. Hori saldu ostean, deskantsua hartu zuen, zorrik ez zuelako».
Estudioa zabaldu ostean ere, irakasleei ikastaro asko ematen jarraitu zuten Imanolek eta semeak, eta grabagailuen ordez, bideokamerak erabiltzen hasi ziren irakasleak, dantzak grabatzeko. «Abestiak eta dantzak bideoan grabatuta izatea ere garrantzitsua zela ikusi genuen. Kontxi Aizarna lankideak baserri bat zeukan Aizarnan, eta asteburu pasa joaten ginen hara, bideoak grabatzera», adierazi du.
Hasierako ideia grabaketa estudio bat muntatzea bazen ere, berehala hasi ziren ume talde bat biltzen arratsaldetan, musika irakasteko. «Grabaketa estudioan 09:00etatik 14:00etara egiten genuen lan, eta zerbait bazkaldu ostean, 17:30ean, haurrak etortzen ziren. Ni, lehenengo urteetan, 17:30etik 19:00etara egoten nintzen hemen. Eta 19:00etan Zorroagara igotzen nintzen, ikasten ari nintzelako. Ikasketak bukatu nituenean, esan genuen hemen 10-11 urteko gaztetxoentzat zerbait egin behar zela, eta gitarra irakasten hasi ginen. Hori nire esku utzi zuen aitak», azaldu du Urbietak.
Bere proiektuak grabatu ahal izateko grabaketa estudio bat
muntatzea izan zen Imanolen betiko ametsa
Euskal kulturari bultzada auzoan
Gaur egun, bigarren belaunaldiko ikasleak ditu Urbietak Xirula Mirula musika eskolan; garai batean bertan ikasitako neska-mutilen seme-alabak, hain justu. Ane Alastruey (Amara Berri, 1984) eta Eider Berridi (Amara Berri, 1984) Xirula Mirulan musika ikasitakoak dira, eta gaur egun, beraien seme-alabak ari dira Urbietarekin musika ikasten. «5-6 urterekin hasi ginen Xirula Mirulan, sortu zenean. Abestera eta txirula, txistua eta gitarra jotzen ikastera joaten ginen. Musika ere ikasten genuen, baina abestiekin eta dantzekin», oroitu du Berridik.
Besteak beste, Urbieta aita-semeak eta Kontxi Aizarna izan zituzten irakasle, eta Imanol eskoletan nolakoa zen azaldu dute: «Irakasle xelebrea zen, dibertigarria eta alaia. Beti pozik zegoen, Joxean bezala. Antzekoak dira».
Gogoan dute Xirula Mirula Donostiara iritsi zenean izan zuen eragina. «Kirola ez zen lehenbiziko aukera izan zen euskaraz eskolaz kanpoko jarduera bat egiteko. Azkenean, ez zen hain erraza gure garaian euskara hutsean egiten zen jarduera bat aurkitzea. Gainera, ikasten genituen abesti tradizional horiek, orain ezagunak direnak, baina momentu hartan berriak zirenak. Auzoa euskal kulturarekin apaintzen zuen Xirula Mirulak: Santa Ageda, Olentzero eta lehenbiziko kantujira euskara hutsean antolatzen zituen», azaldu du Berridik.
Xirula Mirulak musikara lehenengo gerturaketa bat «era dibertigarrian» egiteko aukera eman zuela esan du Alastrueyk: «Gero kontserbatoriora ere joan izan gara, eta kontserbatorioan beste modu batera ikasten da. Agian arau gehiagorekin, solfeoa askoz gehiago landuz… hemen ere asko ikasten da, baina beste modu batean, goxo eta jator. Jolas moduan, baina ikasiz».
Garai hartako oroitzapen onak dituzte biek ala biek, eta horregatik erabaki dute euren seme-alabak ere Xirula Mirulara joatea. «Metodologia gustatzen zaigu. Donostiako Udalaren Musika Eskola ere aukera ona da, baina gure alaba zaharrenak, adibidez, probatu zuen, eta ez zitzaion asko gustatu. Xirula Mirulan apuntatu zenetik oso pozik dago. Donostian aukera desberdinak daude, eta jendeak beste batzuk aukeratzen ditu merkeagoak direlako edo erraztasun gehiago dituztelako beste jarduera batzuek, baina Xirula Mirula hor dago, eta joaten diren ume guztiak oso pozik joaten dira», adierazi du Berridik.
Alastrueyk bi haur ditu Xirula Mirulan, eta hirugarrena datorren urtean hasiko da bertan musika ikasten: «Nire seme zaharrena ez zuten musika eskolan hartu, eta Xirula Mirulan sartu nuen. Egia esan, ez dit inoiz esan ez duela joan nahi, beti joan nahi duelako. Eta ertainak, adibidez, urtebeteren ostean, ez zuen musika eskolan jarraitu nahi izan; Xirula Mirulan apuntatu nuen, eta zoriontsu dago. Eta hurrengo urtean, hirurak eramango ditut Xirula Mirulara».
Xirula Mirulako lehen belaunaldiko ikasleek
garai haietako oroitzapen ederrak dituzte, eta beraien
seme-alabak dituzte orain musika eskolan
Luzaroan dirauten kantuak
Berridik eta Alastrueyk ondo gogoan dituzte Xirula Mirulan ikasitako abestiak, gaur egun ere bizirik dirautenak, eta ume euskalduk orok (edo ia orok, bederen) dakizkienak. Ordea, nola lortzen da halako abesti arrakastatsuak konposatzea?
Urbietaren arabera, «inoiz ez dakizu kanta batek arrakasta noiz izango duen». Bere aitaren kanta ezagunenetariko batzuk haur batzuei egin zizkiela azaldu du: «Ran rober ran kanta oso famatua egin da, eta badu bere historia. Martuteneko ikastolan erremerrea zen mutiko bat zegoen, Eneko Olarra. Ez zuen hitz egiten, lotsa ematen ziolako. Behin, Gabonak pasatu ondoren, galdetu genien zein opari izan zituzten, eta Olarrak esan zuen urduri: rganrgoberga eta trgaktora. Eta nire aitak kanta hori egin zion. Mutil horrentzat liberazioa izan zen, kanta bat zeukalako, bat-batean».
Imanolen beste abesti batzuek ere badute beraien historia. «MackMikel, nire Zarauzko ikastolako ikaskide bat zen, Mikel Biain. Beti bakeroz jantzita joaten zen eskolara, eta nire aitak behin esan zion indioak ez direla gaiztoak, eta indigenen inguruan-eta aritu zitzaion hizketan. Ordutik, indioen aldekoa zen, eta nire aitak kanta hori egin zion. Bestalde, Jon Braun; hori ez da nire aitaren kanta, amerikarra baita. Baina nire aitak euskaratu egin zuen, eta Zarauzko musika eskolan aritzen zen Jon Ugalde haurrari idatzi zion kanta», azaldu du Urbietak.
Kanta horietako askori Jaione Escuderok jartzen zien ahotsa. «Artista bat da, Zarauzko koruko zuzendaria eta Usurbilgo eskolako irakaslea. Beti gurekin aritzen zen lanean, kantuak grabatzen», oroitu du Urbietak.
Aurrerago, Eusko Jaurlaritzak erosi zituen Xirula Mirularen proiektuak, eskoletan banatzeko. «Ikasteko materiala sortu zuen aitak, eta eskoletan zabaltzen hasi ziren: diskoak, bideoak, metodoak… Horretarako egin zituen Axelko eta Otsoko, Beleko, Urtxintxa eta oraingo Txanela proiektuak. Horiek guztiak erreferente izan dira Euskal Herriko ikastetxeetako metodoetan», nabarmendu du Urbietak.
Eta Donostian musika eskola gehiago ireki bazituzten ere, Xirula Mirulak auzoan errotuta jarraitzen du oraindik. 5 urteko haurretatik hasi, eta Lehen Hezkuntzako seigarren mailarainoko haurrak ditu ikasle Urbietak, eta musika «modu ludiko batean» ikasten jarraitzen dute, garai batean Imanolekin egiten zuten moduan: «Gure umeak kantatu behar dugunean soilik egoten dira eserita. Umeak etorri, eta lehenengo bost minutuak kantuan pasatzen ditugu. Beltzak eta kortxeak-eta zer diren jolasaren bitartez ikasten dute. Bestalde, Xirula Mirula denez, jende askok uste du hemen soilik txirula irakasten dugula. Erabiltzen dugu, baina hirugarren mailara arte soilik. Gure helburua ez da umeak flautista bihurtzea inondik ere, baizik eta txirula erabiltzea lagungarri gisa».
Amaratarra danborradaren omenaldia
Eta txirula bezala, Xirula Mirula musika eskola bera ere lagungarri zaie auzotarrei, bai gaur egungo ikasleei eta baita garai batekoei ere. «Amarakoek badakite zer den Xirula Mirula. Auzokoa bazinen, ezagutzen zenuen; erreferente bat zen», azaldu du Alastruey ikasle ohiak.
Bera eta Berridi Amaratarra danborradako kideak dira, eta San Sebastian egunean Xirula Mirula omendu zuen danborrada horrek, 40. urteurrenaren harira eta «auzoan egin duen lanagatik eskerrak emateko». Horrela, bada, txokolatezko danborra eta txapela bat eman zizkioten Urbietari urtarrilaren 20ko festa lehertu zenean. Omenaldia «super polita» izan zela azaldu dute danborradako kideek: «23:45ean etorri ziren Armeria plazara, eta entseguetan Ran rober ran abestia prestatu genuen danborrekin eta upelekin jotzeko. Oso polita izan zen; danborrak, upelak, dantzariak, txaranga eta denetarik zegoen han. Ondoren, txokolatezko danborra eta txapela eman genizkion, eta uste dugu gustatu zitzaiola Joxeani. Eta guri gehiago».
00:00etan puntuan, San Sebastian martxa zuzentzeko eskatu zioten Urbietari, baina honek berehala aurkitu zuen esperientzia gehiago duen norbait horretarako. «Nire semeak Piraten danborrada zuzentzen du, eta Grosen beste bat ere bai. Beraz, semeari esan nion ea berak zuzenduko zuen. Ordea, semeak lagunak ere bertan egotea nahi zuen, eta lagunek afaria antolatu zuten Amaran gero hor egoteko bandera igoeran. Oso ondo pasatu genuen», gogoratu du Urbietak.
Eta txokolatezko danborra ere modu ezin hobean jan zuten. «Xirula Mirulara ekarri genuen, eta haur guztien artean banatu genuen. Haur denek jan zuten zatitxo bat», esan du. Amaratarra danborradakoek emandako txapela musika eskolan dute, oraindik inon jarri gabe, baina horrentzat ere badu konponbidea Urbietak: «Koadro batean jarri, eta sarreran zintzilikatuko dugu».
Horrela, Xirula Mirulako sarrerak, Imanolen argazkia zaindari duen lekuak, oroitzapen bat gehiago izango du aurrerantzean. Grabaketa estudioa berriz zabaltzeko asmorik ez badu ere, musika eskolarekin luzaroan jarraitzeko asmoa du Urbietak. «Beste leku batzuetan lan egiteko aukera izan dut, baina hemen egon naiz beti, eta erretiroa hartu arte geratuko naiz hemen», esan du, lanean jarraitzeko ilusioz.