Txalin kasuaren salatzaileek «irregulartasunez beteriko» eraikuntza dela salatu dute
Eragileen arabera "gertatutakoa oso larria da" desjabetzeak espekulatiboki "berreraikitzeko" baliatu daitezkeelako. Horren aurrean, beharrezkoak diren neurriak eta moldaketak idaztea eskatu dute.
Xabi Alonsoren Txalingo txaleta “legez kanpokoa” dela eta udal arduradunak euren jarduerak justifikatzen saiatzen dabiltzala salatu dute Igeldoko Herriko plazan bildutako eragileek. Bertan izan dira Haritzalde Naturzaleen Elkartea, Igeldoko Herri Kontseilua, Ieltxo elkartea eta Igeldoko hainbat herritar ere. Prentsaurrekoan, Donostiako Udalak Txalingo txaletari buruzko salaketak ez erantzuteaz gain, hirigintza arauetan ere “aldaketa larriak” egin dituela salatu dute bertaratu direnek. Nabarmen kezkatuta agertu dira, halaber, euren aburuz Lurzoruaren legearen erabilera hori aurrekari bat izan daitekeelako etorkizunean ere desjabetze gehiagorekin “espekulatzeko”.
Eneko Goiak asteartean ezeztatutako eraisketaren inguruan galdetuta, Eneko Dorronsoro Herri kontseiluko lehendakariak berretsi du udalak errekurtsoa aurkeztu duen arren, bistakoa da txaleta legez kanpo eraiki dela: “Garbi ikusten dugu obra ilegal bat dela eta horren aurrean ez dago beste aukerarik”, adierazi du. Dorronsororen eta Ieltxoko kide den Karmele Garmendiaren arabera, udalak legez kanpoko arazoa xehetasun estetikoen bitartez ekidin nahi du, baina funtsean Martutenen desjabetutako etxebizitza bat, “itsasertzeko gunerik onenetakoan” berreraikitzearen saiakera dago. Era berean, Jabier Olaberria abokatuak baieztatu du sententzia irmoa denean, etxebizitza eraistea baino ez dutela izango: “Orain galdera da nork ordaindu beharko dituen bi milioi euroak”.
Txaletaren aurka agertu diren eragileek auzitegietan borrokatzen jarraitzeko asmoa dute, “gertatutakoa oso larria” dela uste dutelako. Era berean, udalak irtenbideak bilatu ditzala eskatzen du, gertatutakoa aztertu eta argitzeko, eta etorkizunean espekulazioa sahiesteko beharrezkoak diren arau eta moldaketak zehaztea.
“Irregulartasunez” jositako eraikuntza
Olabarriaren arabera, Donostiako Udalaren abokatuak onartu egin zuen epaiketan bertan, egun eraiki den txalet modernoa “bereizia dagoela, eta ez dela eraikinaren gainean egin”. Hori horrela, sustatzailea egon beharko ez litzatekeen leku batean eraikita onartu duenez, , sustatzaileak ordaindu beharko du”. Nolanahi ere, kokapena ez da eraikinaren aurkako eragileek topatu duten irregulartasun bakarra. Etxebizitza handiak igerileku bat du, abokatuaren arabera Igeldon galarazita dagoena, eta ez du sarbide propiorik. Era berean, legeak baimentzen duena baino gehiago eraiki dute (sotoa esaterako), eta estalkia ere dute behar bezala egin . Finean, “ez dute aurretik zegoen baserria zaharberritu”.