Hungariako kaldereroek Donostia hartu dute
Kandelaria egunaren biharamunean, Hungariako kaldereroak Donostiara iritsi dira, hiria zartagin hotsez betetzeko. Kapelak, koloretako zapiak, jakak eta urre koloreko bitxiak soinean, pozik aritu dira kaldereroak kantuan eta dantzan, hartza ere lagun zutela. Ohiko abestiak kantatu eta zartaginekin eta mailuekin erritmoa jarri diete kantuei, eta giro ona izan da nagusi auzoetan.
Txomiñenean, haurrentzako eskulan tailerra antolatu dute arratsaldean. Ondoren, kantuan aritu dira, eta arratsaldea borobiltzeko, txokolate jan ederra egin dute helduek zein haurrek. Eta Egian ere sekulako giroa izan da arratsaldean, izan ere, dozenaka lagun animatu dira kaldereroz jantzi eta kaleak girotzera.
Felix Benitori omenaldia Amaran
Amarako kaldereroek egun berezia bizi dute gaur, Easo plazako kioskoan omenaldia egin baitiote Felix Benitori, Parte Zaharreko Ordizia tabernako nagusiari. Iaz zendu zen Benito, eta pertsona garrantzitsua zen auzoan, izan ere, bera zen Amaran kaldereroak antolatzen hasi zirenetik erreginaren papera egiten zuena. Benitoren senideak bertan izan dira, eta lore sorta bat eman diete kaldereroek. Gainera, bertso bat egin diote Benitori, eta abestu ostean, senideei oparitu diete bertsoa.
180 umek eta 180 helduk hartu dute parte Amarako kaldereroetan, eta antolatzaileen arabera, izugarri handitu da festa hau auzoan. Amaran kaldereroek duten harrerarekin “oso pozik” agertu dira antolatzaileak.