Sortuk protesta egin du Zubieta kalean okupatutako etxebizitzan
Okupatu dituzten bi etxebizitzetan ekintza aktibistak egiteaz gain, mobilizazioa egingo dute bihar, Katalunia plazan, arratsaldeko 19:00etan.
“Etxeak bizitzeko, ez negoziorako” eta “putre funtsak kanpora” aldarrien artean egin dute Sortuko dozena kideek eguerdiko ekintza. Kontxa pasealekuan eskuorriak banatu ostean, Zubieta kaleko hirugarren atarian jarri dira, etxebizitza eredua eta funts putreen espekulazioa salatzeko. Era berean, “eskubideekin ez da espekulatzen” idatzita duen pankarta zabaldu dute eraikinaren bigarren solairutik. Lekua ez da ausaz erabaki, Sortuk egunotan okupatuta dituen bi pisuetako bat baita hori. Ekintzaileek bertan daramate asteburutik eta gaur amaitzen zitzaien erreserba, baina bertan jarraituko dutela iragarri dute.
Bartzelonako enpresa batek kudeatuta
Sortuk hautatutako etxebizitza blokea sei solairuz dago osatua, eta epe laburreko pisu turistikoez gain, luxuzko etxebizitzak alokatzen dira epe ertainerako. Nolanahi ere, luxuzko etxebizitza horietan “iruzurra” dagoela salatu dute ekintzaileek. Azaldu dutenez, apartamentu turistiko gisa saldutakoak soilik lehen bi solairuak badira ere, gainontzekoek ere helburu eta erabilera berbera dute: “Diferentzia bakarra da San Sebastián Luxury Homes apartamentuak hilabeteko alokairua dutela”, salatu dute.
Sortuko kideek adierazi dutenez, Bartzelonako Lovatir enpresaren hasierako asmoa bloke osoa hotel bihurtzea zen, baina 2019an proiektua egokitu behar izan zuen, Hirigintza Sailak bi urtez hotel berrien lizentzien etendura dekretatua zuelako. Hori horrela, hotelaren sustatzaileek apartamentu turistikoen eta luxuzko etxebizitzen aldeko apustua egin zuten: “Hotela eraiki ezin izan badute ere, azken emaitza berbera da. Bizitoki zena, orain turismoari eta luxuari zuzenduta dago”. Sortuk PNV-PSE-EEren udal gobernuari egotzi dio horren ardura, eraikinaren ostatu jarduera bi alderdien oniritziarekin artera zelako aurrera: “2021eko abenduan, Tokiko Gobernu Batzarrak eraikinaren beheko solairuen kalifikazioa erabilera tertziariora aldatzea onartu zuen, bertan ostatu jarduera ahalbidetzeko”.