Ehunka lagunen manifestazioarekin amaitu du Sortuk bi eguneko ekintza Donostian
Groseko Katalunia plazatik, goizean pankartak eskegi dituzten lekutik bertatik, Bulebarrerainoko bidea egin du Sortuk ehunka lagunen babesarekin. “Eskubideekin ez da espekulatzen. Etxe eta bizitza duinak denontzat” lelopean, etxebizitzaren negozioa eta espekulazioa salatu, eta horrekin amaitzeko konponbideak eskatu dituzte.
Beñat Lusarreta Sortuko kide eta ekintza aktibistako bozeramaileak, manifestazio bukaeran azaldu duenez, egun, putre funtsak, banketxeak, jabe handiak eta higiezinak dira espekulazio horren erantzule, eta hori ahalbidetzen dituen erabaki politikoak deitoratu ditu: “Hemen salatu nahi dugu Eusko Jaurlaritza ere espekulatzaile horien konplize dela. Legeek ahalbidetzen dituzten tresnak erabili beharrean, esku ez hartzeko jarrera aktiboa izan baitute hainbatek”.
Bi eguneko ekintzen ostean, balorazio positiboa egin du bozeramaileak, eta bestek beste, etxebizitzaren afera kaleratu izana nabarmendu du Lusarretak. “Hasieratik gure helburua zen etxebizitza larrialdiaren gaia plazaratzea, eta horren inguruan hitz egitea lortu dugu”. Era berean, Donostiako ekintzak amaitu badira ere, arazo horren inguruko aldarrikapenek segida izango dutela aurreratu dute, datozen orduetan “sorpresaren bat gehiago” egon daitekeela baieztatuta.
Auzotarren elkartasuna
Erdialdean eta Grosen egin dituzte ekintzak azken bi egunotan. Alokairu turistikora bideratuta dauden bi etxebizitzatan sartu dira ekintzaileak, eta erreserba epea amaituta, haietan jarraituko zutela iragarri dute. Zubieta kalean atzo, eta Groseko Katalunia plazan gaur, etxebizitza blokeak seinalatu dituzte pankarta handiekin eta auzotarrei egoeraren berri eman diete. Hain zuzen, Groseko auzotarrek izandako harrera ona nabarmendu du Lusarretak: “Kalean ibili den jendeak esker onez hartu du egin dugun salaketa, eta baten batek gainera, ez zuen ezagutzen Azorak darabilen mekanismoa bloke horietan eta auzoan, orokorrean”.