Hiru atril jarri dituzte Altzan Ekialde Barrutiko emakumeen ekarpenak aitortzeko
Ekialde Barrutiko emakumeen ekarpenak aitortzeko eta zabaltzeko hiru atril berri jarri ditu Donostiako Udalak Altzako kaleetan. Hain zuzen, Herrerako emakume bolariak, Altzako emakume milizianoak eta indarkeria matxisten biktima-biziraule diren emakumeen omenezko atrilak dira. Atrilen inaugurazio ofiziala martxoaren 8aren egitarauaren barruan egingo dute.
Ekialdeko Barrutiko Berdintasun Lantaldeak bultzatuta, Donostiako Udaleko Berdintasun Sailarekin eta Altzako Historia Mintegiarekin elkarlanean abian jarritako proiektu baten barruko egitasmoa da hau. Orain arte, besteak beste, honako atrilak jarri dituzte: bi Bidebietan, Dolores Ibarruri politikariari eta Gloria Fuertes idazlearen omenez; beste bi Intxaurrondon, Dolores Goia euskarako irakaslea eta Bizenta Mogel idazleari eskainiak, eta azken bat Buenavista-Altzan emakume batelariei eskainia.
Intxaurrondoko Teresa Castro ilustratzaileak egin ditu atrilen diseinuak.
Emakume bolariak
Duela 30 urte baino gehiago, Herrerako emakume talde bat hain maskulinoa zen boloen mundua desafiatzera ausartu zen, Gipuzkoako lehen emakume bolari federatuak bihurtuz.
Altzako emakume milizianoak
36ko gerraren hasieran, Donostia erori aurreko egunetan, 1936ko irailaren 13an, Herrerako, Altzako beste gune batzuetako eta Trintxerpeko emakume gazte batzuek Jaizkibelgo eta Aiako Harrietako defentsa lerroetara joateko erabakia hartu zuten, Errepublika eta beren ideiak armekin defendatzeko.
Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak
Indarkeria matxistaren biktima-biziraule diren emakume guztiei, eta indarkeria matxista guztien prebentzioan, arretan, erreparazioan eta desagerraraztean egunez egun borrokatzen eta lan egiten duten guztiei omenaldia egin nahi izan diete atril horren bidez.