Parte Zaharreko tabernek bi orduz gehiagoz zabalik egoteko aukera izango dute asteburuetan
Donostiako Udalak ostalaritza sektorearen ordutegia luzatzeko 2024ko egutegia onartu eta argitaratu berri du. Zehazki, udal gobernuak urtean 63 egunetan ordutegia bi orduz gehiagoz zabaltzea ahalbidetuko du, eta asteburuetan 06:00ak edo 06:30ak arte egon ahalko dira tabernak zabalik.
Erabaki horren aurrean, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak alegazio bat erregistratu du. “Parte Zaharra duela hogei urtetik Ostalaritza Establezimenduen Eremu Saturatu izendatzeak eta urteetan zehar horrela mantentzeak esan nahi du udalak onartu egiten duela auzoan nahi ez diren ostalaritza establezimendu asko daudela, eta horrek eragin negatiboa duela bizilagunengan”, defendatu dute.
Bestalde, gogorarazi dute Parte Zaharra babes akustiko bereziko eremu izendatu zutela 2017ko ekainean. “Adierazpenean adierazten den bezala, Kalitate Akustikoaren Helburuak (BKE) ez dira betetzen”, nabarmendu du auzo elkarteak. Era berean, adierazi dute Arartekoaren 2019ko apirilaren 11ko Ebazpenak (2019R-2822-17) Donostiako Udalari adierazi ziola “pertsonek ingurumen osasuntsua izateko duten eskubidea babestea” izan behar dela kontuan hartu beharreko irizpideetako bat edozein eskaera zehatz aztertzerakoan. Eta pertsonek ingurumen osasungarrirako duten eskubidea babesteak balio behar duela udalaren jardunerako premisa gisa.
Horrela, udalaren erabakiarekin egoiliarren atsedenerako eskubidea “ostalaritzaren onura ekonomikoen eskariaren menpe” geratzen dela nabarmendu dute.