San Bartolomeko muinoan indusketa lanak egiten dabiltza obren aurretik
San Bartolomeko muinoan indusketa arkeologikoak egiten dabiltza atzotik. Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, ustezko eremu arkeologikoa izanik, edozein lan abiatu baino lehen ezinbestekoa da araketa arkeologikoa egitea bertan. Hala, indusketa eta zundaketak egingo dira datozen bi asteetan obrak egin nahi dituzten eremuan arrasto historikorik dagoen ala ez argitzeko.
Ez dira inguruan egindako lehen indusketa lanak izango; izan ere, Muinoaren goialdean dagoen Catalonia Hotela eraiki aurretik aztarna arkeologikoen bilaketan ibili ziren. Orduan, aurretik egondako komentu baten aztarnak agertu ziren, iaz hotelaren aldamenean eraikitako parkean jarri zituzten.
Obren datarik ez, oraingoz
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Udalaren baimenekin egiten ari dira lanok. Ez dira, baina, San Bartolome muinoko lanen azken faseari dagozkion eginbeharrak. Muinoa eraldatzeko Plan Berezia duela urtebete onartu zen, EAJ-PSEren botoekin. Nolanahi ere, inguruko merkataritza elkarteek eta auzo elkarteek osoko bilkuraren erabakiaren aurkako errekurtsoa aurkeztu dute. Era berean, udaletik jakinarazi dutenez, Midfield Capital elkarteak ez du lizentziarik egun, ezta lanak hasteko datarik ere.