Sortuk Grosera eraman du ekintza aktibista «etxebizitza larrialdia» salatzeko
Katalunia plazako bi eraikinetan pankartak eskegi ditu Sortuk "etxebitza larrialdia" eta "eskubideen espekulazioa eta negozioa" salatzeko. Goizeko ekintzak burututa, 19:00etan manifestazioa abiatuko dute plazatik bertatik.
Sortuk ekintza aktibisten bigarren eguna du gaur Donostian, baina oraingo honetan Gros auzora lekualdatu ditu aldarri eta salaketak. Zehazki, bi pankarta eskegi dituzte Katalunia plazako eraikinetan, blokeak seinalatu eta etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko. Horietako bat Galtzada Nagusiko 10 zenbakian izan da, hamalau etxebizitzaz osatutako blokea Azora funts putrearena baita Inmobiliaria Vascongadak saldu zuenetik. Ekintzaileek eraikineko etxebizitza batean daramate asteburutik, eta Zubieta kaleko pisu turistikoan egin duten moduan, behin erreserba epea amaituta, bertan jarraitzeko asmoa erakutsi dute.
Hala, Sortuko ekintzaileek eraikineko atikotik eskegi du pankarta, plazan zeuden 30 lagunek eskuorriak banatu eta espekulazioarekin amaitzeko aldarriak zabaldu dituzten bitartean. Beñat Lusarreta bozeramaileak salatu duenez, Azorak antzeko jarduteko modua izaten du, betiko bizilagunak eraikinetik kanporatu, eta ondoren alokairu turistikoa edo hotelak sortzeko: “Lehenik, eraikin osoak berenganatzen ditu eta ondoren bizilagunez husteko saiakera aurrera eramaten du: batetik, alokairuak amaitu ahala alokairu horiek ez berrituz, edo bestela berritzeko aukera eskaintzen duenean alokairuak asumitu ezin diren alokairuaren gehiegizko errentak inposatuz”. Ekintza burututa, Ertzaintza eta Azorako ordezkariak bertaratu dira, eta ekintzan parte hartu duten aktibistak identifikatu dituzte.
Eguerdia baino lehen egin dute bigarren ekintza plazan bertan. Telefonicaren eraikinean ezarri dute bigarren pankarta handia, Luxenburgoko inbertsio funts batek hotela eta etxebizitza turistikoak sortzeko saiakerak egin ostean, luxuzko 22 etxebizitzarako bideratuko baitu espazio hori. “Hau guztia, Gros auzoan gertatzen ari da, Donostian etxebizitza larrialdi handienetakoa duen auzoan. Bertako bizilagunak auzotik kanporatuak izaten ari dira, bertan bizitzeko alokairurik edo etxebizitzarik eskuratu ezin dutelako”, salatu du Lusarretak.
Urgentziazko neurriak
“Etxebizitza larrialdiarekin” amaitzeko egiturazko neurrien beharra aldarrikatu du Sortuk. Hori horrela, premiazkotzat jo du etxebizitzen merkatuan esku hartzea. Bozeramaileak azaldu duenez, behar-beharrezkoa da tentsio handiko guneak izendatzea, alokairuaren prezioari mugak jartzea, eta hutsik dauden etxebizitza horiek alokairura bideratzea: “Legeek ahalbidetzen dituzten neurriak muturreraino eraman behar dira”. Era berean, turistifikazioaren eraginei muga jartzeko, horiek kontrolatzeko “apustu sendoa” izan beharko lukete agintariek, Lusarretaren arabera.
Alkatea harrituta
Donostiako alkate Eneko Goiaren arabera, “harrigarria” da Sortuk azken orduetan egindako ekintzekin izan duen jarrera: “Niri ez zait normala iruditzen, legez daukagun marko honen barruan horrela jardutea”, azaldu du alkateak. Adierazi du, halaber, erakundeetan ardurak izan nahi dituen edonork badakiela halako “joko arauak errespetatu egin behar direla”.
Goiak adierazi duenez, “harrigarriagoa da, gauza horiek Donostian gertatzen direla ikustea”, EH Bilduk gobernatzen udalerrietan —Orion edo Getarian, esaterako—, biztanle bakoitzeko erabilera turistikorako etxebizitza gehiago baitituzte: “Baina badirudi han inoiz ez dela arazoa, eta arazoa hemen baino ez dela”.