Udalak hologramak ezarriko ditu hoteletan bertako produktuen salmenta bultzatzeko
Donostiako Udalak deialdi bat ireki du bertako saltokiek, enpresek eta diseinatzaileek beren produktuak hiriko hoteletan erakusgai jarri ditzaten. Proiektuak tokiko produktuen erakusketa digitala bultzatzea du helburu. Hala, hologramak erakusten dituen gailuen bidez egingo da erakusketa, hiru dimentsioko irudietan bitartez, alegia.
Marisol Garmendia Ekonomia eta Enplegu zinegotziak azaldu duenez, Donostiak 2.500 saltoki txiki ditu eta horietako askorentzat oso garrantzitsua da turismotik lortutako ekarpena: “Erakusleiho digital bat izateak sektorearen eraldaketa teknologikoa babesten du, aberastasuna eta enplegua sortzeko aukera berriak eskaintzen ditu eta gure tokiko produktuaren nazioarteko proiekzioa bultzatzen du”.
Donostiako Sustapenaren ekimenak Next funtsen finantziazioa du, hiriko hoteletan garatuko da eta Donostiako hainbat sektoretako saltokiei dago irekita. Hotelen kasuan, lau edo bost izarreko establezimenduei zuzendu zaie soilik, “produktuak behar bezala erakusteko espazioa eta beharrezko baliabideak” dituztelako udalaren arabera. Gehienez, hamar saltoki eta bost hotel aukeratuko dira, eta uda baino lehen aurreikusten dute proiektua martxan izatea.