Anoetan erabakiko da dena
Realak ez zuen asmatu atzo Son Moixen, eta Mallorca bizirik utzi du finalerdietako itzulerako partidarako, hutsean berdinduta (hilak 27); Anoetan erabakiko da zein izango den kopako finalerako sailkatuko den taldea.
Txuri-urdinek ez zuten denboraldiko partidarik onena jokatu, baina, hala ere, norbaitek irabaztea merezi izan bazuen, beraiek izan ziren. Izan ere, donostiarrenak izan ziren gol aukerarik argienak, eta baita baloiaren jabetza ere. Traore eta Kubo berreskuratu zituen Imanol Alguacilek atzoko neurketarako, eta Oiartzabalen baja zela eta, Sadiq zelairatu zuen hasieratik. Gainontzekoan, ohiko talde titularra zelairatu zuen oriotarrak, Javi Galan atzelariarekin ezker hegalean.
Elkarren arteko errespetu handiz aritu ziren Mallorca eta Reala, eta apur bat kostatu zitzaien biei lehenengo zatian defentsak gainditzea. Hala ere, Braisek eman zuen lehenengo abisua hamargarren minutuan, area kanpotik egindako jaurtiketa batekin, eta hemezortzigarrenean Barrenetxea lurrera erori zen area barruan, jokaldi landu baten ostean; txuri-urdinek penalti eskatu zuten, baina zalantzagarria zen, eta epaileak ez zuen adierazi.
Horrela, minutuak aurrera joan ahala, Reala gero eta erosoago sentitzen joan zen zelaian, eta 38. minutuan heldu zen lehenengo zatiko gol aukerarik argiena: Barrenetxeak —bide batez, oso partida ona egin zuen donostiarrak— erdiraketa bikain bat egin zuen eskuin oinaren kanpoaldearekin, eta Sadiqek, dena alde izanda ere, kanpora bidali zuen buruz egindako errematea. Lehenengo zatiaren amaieran baita ere, Abdon Prats Mallorcako aurrelariak kanpora bidali zuen area barrutik egindako bote lasterreko erremate bat. Berak izan zuen, baita ere, bigarren zatian Mallorcaren beste gol aukera argi bat, baina errematea kanpora bidali zuen, orduan ere bote lasterrean.
Bigarren zatian heldu ziren gol aukerarik argienak: Barrenetxearen erdiraketa bat atetik bi metro eskasera bularrarekin errematatu zuen Sadiqek, baina kanpora bidali zuen; Braisen jaurtiketa bat gelditu zuen atezainak, eta aldaratzea, atezainaren aurrean, kanpora bidali zuen Sadiqek —jokoz kanpo zegoen, baina hala ere kanpora bidali zuen—; eta Kuboren erdiraketa batek ate hutsaren aurrean utzi zuen aurrelari nigeriarra, baina langaren gainetik bidali zuen baloia. Argi dago aurrelari nigeriarra oso gaizki aritu zela, eta dagoeneko ez da lehenengo aldia. Barrenetxeak berak ere gol aukera bat izan zuen handik gutxira, baina atezainak gelditu zion jaurtiketa. Andre Silva zelairatu zuen ondoren Alguacilek Sadiqen ordez, baina ezer gutxi egin ahal izan zuen portugaldarrak.
Azkenean, gol batengatik baino gehiagorengatik irabazteko aukerak izanda ere, hutsean berdindu zuten balearrek eta gipuzkoarrek, eta Anoetan erabaki behar da finalerdia. Atzoko partida ikusita eta zaleen babesarekin, aurreikusi daiteke Reala gai izango dela Anoetan Mallorca mendean hartzeko, nahiz eta Javier Agirre entrenatzaile esperientziadunarekin hobe ez fidatzea. Apirilaren 6ko Sevillako finalerako sailkatzeko, hala ere, Realak golen bat sartu beharko du gutxienez Anoetan.